Artisau eta janari postuz bete da San Migel plaza

Leyre Carrasco 2022ko maiatzaren 29a

Herriko, bailarako zein Euskal Herriko artisauak eta elikagai ekoizleak bildu dira goizean IX. artisautza eta janari azoka ospatzeko Iruran, eta 25 postu baino gehiago izan dira bertan.

Eguraldi onarekin batera hasten dira udaberriko azokak. Horietako bat da, hain zuzen, Irurako IX. Artisau eta janari azoka. Nekazaritza postuek ez dute hutsik egin beste behin gaurkoan, eta bertan, hainbat produktu erosteko aukera izan dute gerturatu diren herritarrek; baratzeko produktuak, eztia, ogiak eta gozoak, besteak beste. Jakiak ez ezik, hainbat artisau postu ere izan dira bertan, eta herriko, bailarako zein Euskal Herriko beste lekuetatik etorritako artisten lanak erosteko aukera ere izan da.

Horien artean Azpeitiatik etorritako Igor Aranbarri artista izan da. Duela lau urte izan zen lehenengoz Iruran, baina pandemia dela eta orduztik ez du bueltatzeko aukerarik izan. Eskualdera bueltatzeko gogotsu zegoela esan du Aranbarrik, eta azkenean, bere lanak Irurako plazara berriro ekartzeko aukera izan du. Makrame teknikaren bidez eskumuturrekoak nahiz lepokoak egiten ditu, eta harigrama teknikaren bidez mandala eta jendearen erretratuak bezalako koadroak.

EM Zirrimarra markako sortzailea den Egoitz Mendinueta legazpiarraren lanak erosteko aukera ere izan da goizean azokan. Berak, ordea, diseinu grafikoa eta ilustrazioa uztartzen ditu eta bere zigiluaren ezaugarri nabarmenena garai bateko artisauen modura lan egiten duela da: den-dena berak egiten du tailer bihurtutako bere etxean. Koadernoak, biserak, kamisetak, eta egutegiak egiten ditu, besteak beste., eta azokaz azoka ibiltzen da bere lanak saltzen. Iruran egoten den hirugarren aldia izan du gaurkoa, gainera. "Pandemia nahiko gogorra izan guretzat artisautzentzat, baina orain nahiko fuerte bueltatu gara. Herritarrei animatuta ikusten zaie gainera, gogotsu, eta beraien gertutasuna asko eskertzen da", adierazi du Mendinuetak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!