Langile bat hil zen atzo, Iruran

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 20a, 12:22

LAB sindikatuak jakinarazi duenez, Goizuetako langile bat hil zen atzo Iruran, bihotzekoak emanda.

Hildako langilea garraiolaria zen eta kamioian zegoela hil zen atzo, bihotzekoak emanda, lan istripu ez traumatiko batean. Sindikatuak esan du azken 48 orduetan hiru laneko heriotza egon direla Euskal Herrian, guztiak istripu ez traumatikoan; Irurakoaz gain, beste garraiolari bat hil da Zamudion eta Gureak-eko langile bat hil da Oreretan. Horiek horrela, gutxienez 30 hildako zenbatu ditu LABek urtea hasi zenetik.

Azken hiru heriotzak ez traumatikoak izan dira eta esan du ez dela kasualitatea garraioan ematen diren heriotzen zati handi bat arazo kardiobaskularrek eragindakoa izatea. "Laneko arrisku faktoreak daude kopuru lazgarri hauen atzean, lan sedentarioa, estresa, presio eta erritmo altuak, ordutegiek eragindako bizi kalitate gabezia eta abar". Gureak enpresan hil den langileari buruz esan du antzeko balorazioa egiten duela "izan ere, ezagunak dira enpresak darabiltzan lan politika, non lan karga eta erritmoak oso altuak diren. Argi salatu nahi dugu beraz, laneko baldintzek eragin nabarmena dutela heriotza hauetan nahiz eta Patronalak eta Osalanek heriotza hauek kasualitatearen aitzakiapean kokatu nahi izan". 

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu du, lan osasunaren arloan ia eskumen guztiak izanik galdetu du ea egokitu al duen Osalan eta Ikuskaritzaren lana geroz eta pisu handiagoa duen arrisku faktore hauetara."Urkullu jauna Patronalaren eskutik absentismoaren aurka ateratzen ikusi dugu berriki, noiz aterako da laneko erailketen aurka?".  Azken heriotzak salatzeko elkarretaratzea egingo du asteartean Tamar lantegiko enpresa batzordeak Zamudion eta bertan parte hartzeko deia egin du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!