50 urtetik gorako herritarrek zahartzaroaz gogoeta egiteko aukera izango dute

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 13a, 09:41

Irurako Udalak Asmoz fundazioaren laguntzarekin hiru saio antolatu ditu. Lehena, maiatzaren 17an izango da, 18:30ean herri eskolan.

Asmoz fundazioak gidatutako ekimena antolatu du Irurako Udalak eta 50 urtetik gorako herritarrak gonbidatu ditu parte hartzera. Hiru saio antolatu dituzte zahartzaroaz gogoeta egiteko eta lehenengoa, asteartean, maiatzaren 17an izango da, 18:30ean herri eskolan. "Bizitzaren etapa horretara iristean, kolektibotasuna oinarri, Iruran nolako ingurunea izatea gustatuko litzaiguke?". Galdera horren bueltan arituko dira herritarrak. "Gaurkotasunetik hasi behar gara etorkizuna eraikitzen eta zein hobea norbera baino eginkizun potolo hori lortzeko?", esan dute udal ordezkariek.

Herrian eskaintzen diren zerbitzuen nolakotasuna, herritarrengandik gertu egoteko dauden bideak egokiak ote diren, zerbitzuen kudeaketa beste modu batera egitea posible ote litzatekeen eta adineko pertsonen inklusioaren alde nahikoa lan egiten ote den aztertuko dute hiru saioetan parte hartzen duten irurarrek.

"Gaurko errealitatea, orain dela 50 urtekoarekin alderatzen badugu, laster ohartuko gara oso desberdina dela. Gizartearen beharrak, pertsonen bizi esperantza, soziologia, demografia, ohiturak, eta bizitzaren beste hainbat  aspektuek, etenik gabeko eraldaketa prozesu bat bizi izan dute", esan dute ekimena aurkezterakoan. Zahartzaroari lotutako ezaugarriak ere horren parte direla uste dute Irurako Udalean: "Gaurko 70 urteak ez dira duela hamarkada batzuk zirenaren modukoak. Ekosistema bera, gizartea, aldatuz joan da eta bere eskutik norbanakoaren pertzepzio, behar, interes eta espektatibak".

Lehenengo saioa datorren asteartean, maiatzaren 17an izango da, 18:30ean herri eskolako gela borobilean eta bertan parte hartzera animatu dituzte 50 urtetik gorako herritarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!