Aurrekontuaren zati bat zertan erabili erabaki ahal izango dute herritarrek

Tolosaldeko Ataria 2022ko api. 22a, 11:55

Herritarrek egindako proposamenekin 30.000 euroko balioa duten inbertsioak egingo ditu udalak 2022an. Proposamenak maiatzaren 5era arte aurkeztu daitezke.

Irurako Udalak aurrekontu parte hartzaileak jarriko ditu martxan aurten. 2022ko aurrekontuan 30.000 euro erreserbatu ditu herritarrek egindako proposamenekin inbertsioak egiteko. Iruran erroldatuta dagoen eta 16 urte bete dituen edozein herritarrek, nahiz erroldatuta egon ez arren herrian jardueraren bat garatzen dute pertsonek egin ditzakete proposamenak. Apirilaren 25etik maiatzaren 5era arte udaleko harrera bulegoan, webgunean edo app-ko online formularioak beteta edota kulturunean dagoen postontzian utzi daitezke proposamenak.

Proposamenak bidali ostean, teknikari eta talde politikoen ordezkariez osatutako mahai batek proiektu bakoitza aztertu eta balorazioa egingo du. Proposamenei oniritzia emateko interes publikoari erantzutea hartuko dute kontuan, ez interes pribatuari; udalaren konpetentzia izatea, teknikoki bideragarria izatea, aurreikusitako diru kopuruarekin bateragarria izatea eta inbertsio motako proposamena izatea dira erabiliko dituzten irizpideak proposamenak baloratzerako orduan. Oniritzia jasotzen duten proiektuak botazio fasera igaroko dira, eta era berean, mahai horrek horrela erabakita, udaleko sail ezberdinek proposatutako proiektuak ere pasa daitezke botazio fasera.

Balorazio mahairen emaitzak publiko egin eta gero herritarrek proiektu ezberdinen inguruko informazioa jasoko dute. Proiektu hauen gaineko azken erabakia bozka bidez ebatziko da eta maiatzaren 13tik 27ra izango dute herritarrek bozkatzeko aukera, udaleko harrera bulegoan, webgunean, app-an eta kulturunean jarriko duten postontzian. Botoen bidez, aurkeztutako proiektu ezberdinen artean herritarrek bat aukeratuko dute, herriaren garapenerako garrantzitsuena irizten diotena.

Erabaki loteslea

Bozketaren emaitzak lotesleak izango dira Irurako Udalarentzat eta boto ge hien lortu dituen proiektua exekutatu beharko du derrigor. Proiektu irabazlea exekutatzeak prozesu honetara bideratutako kopuru osoa ez gastatzea suposatuko balu, boto emaitzen hurrenkera jarraituta proiektu gehiago exekutatuko dira, 30.000 euroko kopurua amaitu arte, beti ere, irabazi ez duten proiektuek emandako boto kopuruaren artean %10eko babesa lortu badute, gutxienez. 

Beste proiektuek botoen portzentaje hori eskuratuko ez balute, udalak erabakiko luke gerakina zein inbertsioetara bideratu. Udalaren esku egongo da, era berean, irabazlea izan den proiektuaz gain, besteren bat exekutatzea nahiz eta 30.000 euroko kopurua gainditu, aurreko irizpide guztiak beteta.

Aukeratutako proiektuen exekuzioan herritarren partaidetza bermatzeko formulak bilatuko dituela iragarri du udalak, eta prozesu guztiaren informazio zabalduko duela udaleko webgunetik eta eskura dituen kanal guztietatik. Egitasmo honekin, bere komunitatean herritar konprometituak sortu nahi ditu udalak eta elkarlana eta lankidetza eta gardentasuna bultzatu, besteak beste. Lehentasunak markatzea, aniztasun inklusiboa bultzatzea, talde edo komunitate ikuspegia txertatzea, erabakiak hobetzea eta harreman molde berriak sortzea ere bada Irurako Udalaren asmoa, aurrekontu parte hartzaileen ekimenarekin.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!