Udaleku irekietarako begiraleak hautatuko dituzte

Ataria 2022ko apirilaren 20a

Hezitzaile lanetan aritu nahi dutenek udaletxeko bulego orokorrean aurkeztu beharko dituzte curriculuma eta gainerako agiriak.

Irurako Udalak Goiza Pasa 2022 udaleku irekiak antolatu ditu uztailaren 1etik 29ra. Bertan aritzeko begiraleak kontratatuko ditu eta zeregin horretan aritu nahi duten gazteek curriculuma eta titulu, ikastaro eta lan egin izanaren agirien kopiak udaletxeko bulego orokorrean aurkeztu beharko dituzte, elektronikoki edo postaz.

Hezitzaile lanetarako ezinbesteko baldintza izango da adinez nagusia izatea, euskaraz jakitea, sexu delituengatik aurrekari penalik ez izatea eta aurretik egingo den prestaketa asteburuan parte hartzea. Asteburu hori ekainaren 4ean eta 5ean izango da. Hautaketa prozesuan, merituak baloratzeaz gain, talde dinamika bat ere egingo dute.

Aurten, aisialdiko begirale titulua lortzeko lehen praktikak burutu nahi dituztenentzat, gehienez lau plaza eskainiko dira eta eskaera egiteko prozesua, begirale izateko prozesuaren berdina da. Udako udaleku ireki hauetarako beharrak kontuan hartuta, uretako sorosleen titulazioa indarrean aurkezten dutenen artean puntuazio altuena duenak, lehentasuna izango du lanaldi osoko kontratupean aritzeko.

Deialdiaren oinarriak GAOn eta Irurako udaleko web orrialdean argitaratu dituzte eta bertan zehazten dira kontuan hartu beharrekoak eta baloratuko diren puntuak. Izena ematen duen haur kopuruaren arabera, baldintzak alda daitezkeela ohartarazi du Irurako Udalak.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!