Herri ostatuaren etorkizunaz erabakitzen ari dira

Jon Miranda Labaien 2022ko api. 7a, 11:59

Irurako Udalak 2,5 milioi euroko aurrekontua onartu du eta herriko eraikin ezberdinak birgaitzeko proiektuari eutsiko dio 2022an

Zahar-etxe taberna zena herri ostatu bihurtzeko parte hartze prozesua jarri du martxan Irurako Udalak. 2020ko udazkenean egin zuten udal eraikinen inguruko lanketaren barruan, herritarrek adostu zuten plazan ostatu bat zabaltzea, herritarrentzako bilgune izango dena eta kultur ekitaldiak antolatzeko balioko duena. Joan den otsailetik herri ostatu horren kudeaketa eredua eta espazioaren antolaketa erabakitzeko prozesua egiten ari dira herrian eta maiatza amaierarako bururatuta edukitzea espero dute.

Maiatzaren 2an egingo dute hurrengo batzarra eskola zaharreko gela biribilean espazioaren erabilera adosteko eta han esandakoarekin udalak lokala egokitzeko exekuzio proiektua idazteko prozesua abiatuko du. Gorka Murua alkateak adierazi duenez, lizitazioa urte amaierarako atera nahi dute eta obraren lehenengo pausoak emateko 50.000 euroko diru saila sortu dute aurtengo aurrekontuan. Lanak hurrengo urtean amaituta egotea espero dute eta ostatuaren kudeaketarako pleguak zehaztuko dituzte bitarte horretan. «Orain arteko bileretan zein gastronomia eredu nahi dugun aipatu dugu, zein ordutegi izango duen ostatuak, zein hizkuntza irizpide, zein balioetan oinarrituko den. Hori guztia kontuan hartuta prestatuko ditugu baldintza pleguak, ostatuaren kudeaketa esleitzeko», esan du alkateak. Elhuyar ari da prozesua dinamizatzen eta horretarako 15.000 euroko ekarpena egingo zaio elkarteari.

Aurten zehaztuko dute, baita ere, haur eskolaren goiko solairuko espazioa egokitzeko proiektua eta abiatuta daude udaletxea eraberritzeko lanak. «Eraikina egoera oso txarrean zegoen eta behar horretatik abiatuta, ikuspegia zabaldu eta beste udal eraikinen inguruan ere galdetu genien herritarrei duela bi urte. Udaletxea berritzeari eman zioten lehentasuna eta 1.300.000 euroko inbertsioa egin du udalak eraikina berritzeko». Obrak martxa onean doazela dio alkateak eta datorren urte hasierarako amaituta egotea espero dutela. Bien bitartean, apaiz etxean eta herri eskolaren eraikinean eskainiko ditu udalak bere zerbitzuak eta lokalak egokitu eta alokairua ordaintzeko diru bat jaso du udalak.

SAILAK INDARTUTA

Abenduan onartu zuen 2022ko aurrekontua Irurako Udalak, 5.582.000 eurokoa. Sail batzuk indartzeko erabakia hartu dute aurten eta Gizarte Zerbitzuetako aurrekontuak, adibidez, %21eko igoera izango du. Etxez-etxeko laguntza indartu eta gizarte arloko esku hartzeak ugarituko dituzte. 112.000 euro bideratuko dituzte sail honetara.

Legealdi hasieratik udal gobernuak parekidetasun gaiei garrantzia eman diela aipatu du Muruak. Aurtengo aurrekontuan ere islatuko da hori: «Diruz lagunduko dugu Irura Moretuz talde feminista eta udal teknikarientzako formazio saioak antolatuko ditugu». Herrian prestatu duten ibilbideari ere egin dio erreferentzia alkateak. Bere esanetan orain arte itzalpean egon diren emakumeen bizitzak azalarazi eta haiekin zor bat kitatu dute ibilbidearekin. Aldi berean, eraso sexisten aurkako protokolo bat prestatzen ari direla ere azaldu eta sail osoaren aurrekontua, aurten 7.500 euroan handitu dutela nabarmendu du Muruak.

Denbora bat bada Iruran kultur mahaia osatu zutela, herriko elkarte eta eragileen topagune gisa. Herriko festa eta ohiko ekitaldietatik harago, bestelako kultur programazioa eskaintzea da mahaiaren helburua. Aurten, 10.000 euroko diru saila sortu dute kultur ekitaldiak antolatzeko eta tabernetara ekimen hauetako batzuk eraman eta herriko ostalaritza sustatzen laguntzeko, 7.000 euro jaso dituzte.

Joan den otsailean erabaki zuen Irurako Udalak hondakinen bilketa sisteman aldaketak egitea. Txip bidez zabaltzen dira orain organikoaren eta errefusaren edukiontziak, eta erabaki honekin, birziklatze tasak hobetu nahi dituzte herrian. Aldaketa gauzatu eta herritarren artean egin duten komunikazio kanpainarako 18.000 euro erabili ditu udalak. Ekonomia zirkularraren alorrean praktika on gisa definitu du Eusko Jaurlaritzak ekimena eta inbertsioaren %95 finantzatu du.

Eraikitzen ari diren udaletxe berria, energetikoki erabat efizientea izango dela adierazi du Muruak eta bide horretan sakontzeko plaka fotovoltaikoak jarriko dituzte udaletxeko teilatuan. Aldatu berri dituzte frontoiko argiak led sistemara eta auditoria bat ere abiatu dute, herriko industriaguneko argiteriaren efizientzia energetikoa aztertzeko. «Ateratako diagnostikoaren arabera, eratorritako ekintzak burutu beharko ditugu».

INBERTSIO BERRIAK

Mugikortasun jasangarriaren alorrean badu egitasmo bat Irurako Udalak 2022rako: bizikleta plan bat osatzea. «Oinezko eta bizikletentzat espazioak irabazi nahi ditugu herrian. Herri barruko bidegorria osatzeko plana egiteko diagnostikoa burutzen ari dira Biziker eta Gea21 enpresak eta horren emaitzak aurten ezagutuko ditugu. Gure asmoa, herriko zerbitzu guztiak bizikleta bidez lotu ahal izatea da», esan du alkateak.

Mugikortasunari begiratuta, Sagasti kalean, Trinketearen ondoan, aparkaleku batzuk egokitzeko asmoa du udalak 2022an. 15 ibilgailurentzako tokia egingo dute bertan eta 120.000 euroko inbertsioa egingo dute horretarako. Erein laguntza lerrotik ekarpena jasotzea espero dute udal ordezkariek lan hauek finantzatu ahal izateko.

Laskibar auzoko parkea egokitzeko ere 50.000 euro jaso dituzte aurtengo aurrekontuan eta hemendik gutxira bizilagunekin adostuko dituzte parke berrituaren ezaugarriak. Kulturguneko azpialdean dagoen udal biltegia egokitzeko, berriz, 8.000 euro erabiliko dituzte aurtengo aurrekontuan. Guztira, inbertsio berrietara 244.000 euro bideratuko ditu aurten Irurako Udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!