Haurren, nerabeen eta Internetaren arteko harremanak ulertzeko hitzaldia emango dute

Ataria 2022ko martxoaren 4a

Matxoaren 14an, herri eskolako aretoan izango da 18:00etan, 10 eta 14 urte arteko haur eta nerabeen gurasoentzat.

Nerabeen errealitate digitala aztertu eta erabilera ohiturak, bizipenak eta arriskuak ezagutzeko hitzaldia antolatu dute Iruran martxoaren 14an, 18:00etan herri eskolako aretoan. Erabilera segurua bermatzeko bitartekaritza estrategiak barneratu ahal izango dituzte bertaratutakoek. 10 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeen gurasoentzat izango da hitzaldia eta euskaraz emango dute.

Saio honetan besteak beste, nerabe hiperkonektatuaren errealitate digitala aztertuko da; horrekin batera, online egotearen arriskuak  aipatuko dituzte, hala nola ziberbullying-a, sexting-a, grooming-a, eduki ezegokiak eta gehiegizko erabilera. Interneten erabilera arduratsua sustatuko da eta familien bitartekaritza estrategiak landuko dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bideratzen duen Treba Gurasoak ekimenaren barruan kokatzen da hitzaldia eta Rakel Gamitok eskainiko du. Gazteria Zuzendaritzak gurasotasun positiboan oinarritutako eskaintza pedagogikoa osatu du eta programa honen bitartez, haurren  eta nerabeen heziketa prozesuan lagunduko dieten gaiei buruzko hainbat hitzaldi eta tailer eskainiko dizkie gurasoei. Iruran haurren, nerabeen eta Internetaren arteko harremana ulertzeko saioa izango da lehendabizikoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!