Argiztapen berria jarri dute espazio publikoetan

Ataria 2022ko otsailaren 18a

Irurako Udalak frontoi barruko argiztapena aldatu eta LED lanparak dituzten proiektoreak instalatu ditu.

Irurako Udalak, eraikinen eta espazio publikoen energia elektrikoaren kontsumoa murrizteko, eraginkortasun energetiko handiagoa lortzeko eta  kostu ekonomikoa gutxitzeko, barruko argiztapena aldatu eta LED lanparak dituzten proiektoreak jarri ditu frontoian.

Lehengo argiteriaren ezaugarriak eta orain jarri berri direnak alderatu ditu udalak taula batean. Aurrezte portzentajea %55,61ekoa dela jakinarazi du eta kalkulatu du baita ere urteko kontsumoa eurotan. Lehengo argiteriarekin urtean 3.481 euro ordaintzen zituzten, eta orain berriz, 1.546 euro.

Taulan agertzen diren datuez gain, aldaketa hauek urtean 2.660kg CO2 gutxiago isurtzea suposatuko dutela esan du Irurako Udalak. Trinketean egin diren beste aldaketa batzuekin batera, trantsizio energetikoaren bidean beste urrats bat gehiago da: "Irura herri jasangarriagoa bihurtu dadin, energia kontsumoaren azterketak ipiniko dira martxan eta norabide berean doazen neurriak hartuko dira hurrengo hilabeteetan".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!