Unitate didaktiko batean jaso dute herriko emakumeen ekarpena

Jon Miranda Labaien 2022ko ots. 15a, 07:59

Irurako Udalaren ikerketa beka bati esker, bizitza ekonomiko, kultural, politiko eta sozialean emakumeek egin duten ekarpena jaso dute Nerea Maizek eta Amaia Altunak

Iruran historia ofizialetik kanpora geratu diren emakumeen emaria argitara emateko asmoz unitate didaktikoa landu dute Nerea Maiz Loitegik eta Amaia Altuna Etxabek. Udaleko Berdintasun arloak egindako ikerketa bekaren deialdiari erantzunez egindako lanaren emaitza da Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleentzat prestatutako unitatea. Ikerlariek aipatu dutenez, lanaren banaketa sexuala eta genero estereotipoak gaindituta, emakumezko eta gizonezkoen arteko berdintasuna lantzea da egitasmoaren helburua. «Iruditzen zaigu bizikidetza egoki baterako bidea egiten joateko gakoa dela», esan du Maizek.

Unitate didaktikoarekin hausnarketa bultzatu nahi dute. «Ez da teoria hutsa, iruditzen zaigu gai garrantzitsua dela eta horrek bere fruituak emateko hausnarketa bideratu behar dela haurrengan», aipatu dute bi ikerlariek. Noelia Lataburu Berdintasun zinegotziak azpimarratu duenez, Irurara egokitutako lan bat da, baina beste edozein herritan ere martxan jarri daiteke unitate didaktikoa: «Emakume eta gizonen arteko berdintasuna lantzeko hezkuntza baliabide praktikoa izatea da tresna honen helburua».

DBH-KO IKASLEENTZAT

Bekaldiak iraun duen bitartean, udal ordezkariak eta ikerlariak jarraipen batzorde batean bildu dira, ikerketaren xehetasunak partekatzeko. Altunak zehaztu duenez, lau fasetan banatu dute lana: «Hasierako fase batean lan eremu publiko zein pribatuan jardun duten Irurako emakumeak identifikatu genituen; Bigarren fase batean, berriz, elkarrizketa sakonak egin genituen parte hartzeari baiezkoa eman zioten emakumeekin; Ondoren, bildutako informazio guztia analizatu, antolatu eta ondorio nagusiak memoria batean bildu genituen, unitate didaktikoa prestatzeari ekin aurretik».

Sei ataletan banatu dute unitatea. Sarrerarekin batera, aurre ezagutza atal bat prestatu dute. «Garrantzitsua iruditzen zaigu gaitegia landu aurretik ikasle taldea gai honekiko nola dagoen jakitea», aipatu du Maizek. Ondoren, generoaren atal nagusiari heldu diote. Teoria eta ariketa baten bitartez kontzeptu batzuk argi utzi nahi izan dituztela aipatu dute egileek.

Testuinguruan kokatu daitezen Irurako historia labur bat ere ematen zaie haurrei unitate didaktikoan, eta ondoren, mami nagusiari heltzen zaio: «Parte honetan Irurako emakumeek historian zehar egin dituzten ekarpenak kontatzen ditugu. Zatirik luzeena da eta bertan agertzen dira identifikatu eta elkarrizketatutako Irurako emakumeen testigantzak». Emakume horien ekarpena aztertzeko ariketa ezberdinak ere proposatu dituzte Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleentzat prestatutako unitate didaktikoan.

«Inplikazio handia eskatu digun lana izan da, baina oso interesgarria iruditu zaigu herriko emakume ezberdinen testigantzak jasotzea. Eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen. Bai prozesua aurrera eramatea ahalbidetu duten pertsona guztiei, eta bereziki, parte hartzeko borondatea agertu duten emakume horiei», esan dute Maizek eta Altunak.

Hemendik aurrera Irurako Berdintasun sailean eskuragarri izango da unitate didaktikoa eta datozen egunetan Irura.eus webgunean ere zintzilikatuko dutela jakinarazi du Lataburuk. «Interesa duten guztiak animatu nahi ditugu erreminta hau erabiltzera. Denon artean emakume hauen lanari historiak eman ez dion aitortza ematen laguntzeko modua izango dugu era horretara», aipatu du Berdintasun zinegotziak.

BERDINTASUNAREN BIDEAN

Irurako Udaleko Berdintasun sailean egin duten ibilbidea laburbildu du Lataburuk: «Azken urte hauetan udalaren zeregin nagusienetako bat emakume eta gizonen arteko berdintasun politikak eta programak diseinatu, garatu eta ebaluatzea izan da eta horretarako ezinbestekoak diren baliabideak eta egiturak martxan jarri ditugu». Hartutako konpromiso horren adibide bezala aipatu du zinegotziak urtez urte diseinatu eta garatzen duten Berdintasunerako udal plangintza. «Plangintza honek hainbat lan ildo jasotzen ditu, hala nola, gobernantza, emakumeen ahalduntze indibidual, kolektibo, sozial eta politikoa, eskubideak bermatuko dituen gizarte eraldaketaren ahalbidetzea eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko herriaren eraikuntza».

Emakumeen ahalduntzea garatzeko lan ildo horren barruan iazko irailean deitu zuen udalak Emakumeen ekarpena Irurako Historian izeneko ikerketa beka. «Gure herrian ilunpean mantendu izan diren emakumeen historia berreskuratu eta argitara atera nahi dugu; historia ofizialetik kanpo mantendu izan diren emakumeen bizitza eta ekarpenak berreskuratu, argitara ekarri eta dagokien aitortza eman nahi izan diegu bekarekin».

Maiz eta Altuna Pedagogia graduko ikasleak dira, eta honenbestez, unitate didaktiko bat prestatuta etorkizuneko belaunaldiengan eragin nahi dutela aitortu du Lataburuk. «Emakume hauek isilpean egotearen arrazoiak ulertu ditzaten eta herritar hauen ekarpenak ezagututa zor zaien lekua eman diezaioten».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!