Ke detektagailuak instalatu dituzte 7 etxebizitzatan

Ataria 2022ko ots. 3a, 11:32

75 urtetik gorako herritarrak bizi diren etxebizitzetan instalatu dituzte gailuak. Orotara 52 etxebizitza erabiltzaile daude.

Irurako Udalak, bigarren urtez jarraian, 75 urtetik gorako herritarrak bizi diren etxebizitzetan ke detektagailuak instalatu ditu. 7 izan dira zerbitzuaren onuradun bihurtzea erabaki duten familiak.

Arriskuak identifikatzeko asmoz, pertsonen ohiko bizilekuetan arrisku-analisiak egin dituzte. Horretarako, tresna bat eraiki dute ikuskapena gidatzen lagundu eta antzeman zitezkeen datuak jasotzeko. Hau dela eta, txosten orokor honi etxebizitza bakoitzaren arrisku-ebaluazioa eranstea erabaki dute, beharrezko balorazioekin. Bisitatutako 7 etxebizitzei larrialdi kasuan ebakuazioa errazteko krokis bat egin, etxebizitzetako suteei buruzko autobabeseko eskuliburu bat aurkeztu eta sute kasuan nola jokatu jakiteko segurtasun pauta partikularrak azaldu zaizkie. 

Arriskuak kudeatzeaz gain, iaz instalatutako ke-detektagailu guztiak errebisatu dituzte, bateriak aldatuz, pantaila optikoen zirrikituak garbituz eta funtzionamendu egokia egiaztatzeko probak eginez. Alta berriak eta egindako mantenuak kontutan hartuz, orain zerbitzuan 52 etxebizitza erabiltzaile daude. Iaz Persona Nagusien Udal Behatokia martxan jarri zela kontutan hartuz, etxebizitza guzti hauetan elkarrizketa egituratuak mantendu dituzte zaurgarritasun egoeran aurkitzen ziren pertsonei erantzuteko eta zailtasun handiak jasaten ari direnen bizi baldintzak hobetzen saiatzeko.

Udal Behatokiaren helburu orokorrak, alde batetik, harremanetan jarri, informazioa batu eta pertsona nagusien bizitza egoera eta ezaugarriak deskribatzea da; beste alde batetik, tratu-txarren, isolamendu edota abandonu egoeran/arriskuan egon litezkeen pertsonak identifikatzea; eta beste batzuen artean, ahalmen kognitiboa kaltetuta duten pertsonak identifikatzea; gizarte zerbitzuekin erlazioa duten beharrizanak identifikatzea, eta beharrizan berezidun pertsonak identifikatzea.

Gizarte laguntzaileak elkarrizketatutako pertsona bakoitzaren gizarte-txosten bat egin du, etxe bakoitzean antzemandako zein adierazitako beharrizanak islatuz. Etorkizunera begira, Irurako Udalak garrantzitsutzat jotzen duen egitasmoa honekin jarraitzea erabaki du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!