Irurako II. Frontenis Txapelketak baditu irabazleak

Ataria 2022ko urt. 29a, 19:30

Arratsaldean, Irurako II. Frontenis Txapelketako finalak jokatu dituzte herriko frontoian. Nagusien mailan, Julen Aizpurua eta Beñat Sanz izan dira garaile; gaztetxoen mailan, berriz, Xuban eta Leiane Lopetegi neba-arrebek lortu dute garaipena.

Emozioa eta giro sanoa. Bi osagai nagusi horiek ditu Irurako Gazte Asanbladak antolatzen duen Frontenis Txapelketak. Giro bikaina izan dute, egun osoan zehar, herriko frontoian. Goizean, gaztetxoen eta nagusien mailako finalerdiak jokatu dituzte multzoen faseko zortzi bikote onenek. Arratsaldean, berriz, goizeko irabazleek neurtu dituzte indarrak finaletan.

Lehenik, gaztetxoen mailako finala jokatu dute Xuban eta Leiane Lopetegi neba-arrebek eta Ekhi eta Oier Yarza anaiek. Lopetegitarrak nagusi izan dira lehen tantoetatik, eta gerora, lasaitasunez eraman ahal izan dute aurrera partida. Azkenean, 20-11 irabazi diete Yarzatarrei.

Ondoren, nagusien mailako finala jokatu dute Beñat Sanzek eta Julen Aizpuruak alde batetik, eta Rober Redondok eta Iñaki Garmendiak bestetik. Aizpurua eta Sanz hobeto hasi dira, eta aldea zabalduz joan ahala, bazirudien uste baino errazago irabaziko zutela finala. Aurkariak, gainera, finalerdi gogorra jokatzetik zetozen (29-24 galtzen joan eta 29-30 irabazi baitute). Partidaren bigarren erdian, ordea, tantoak galtzen hasi dira Sanz eta Aizpuru, eta aurkariak geroz eta gertuago zeuden markagailuan; une batez, aurretik ere izan dira. Hala ere, amaierako tantoetan ez dira fin ibili Redondo eta Garmendia (partida guztian zehar deseroso sentitu direla aitortu dute gero), eta azkenean, gazteentzat izan da garaipena: 30-26. "Final zoragarriak ikusi ditugu, eta ikuskizun bikainaz gozatzeko aukera izan dute herritarrek", adierazi du Julen Apeztegia asanbladako kideak. 

Behin finalak amaitu ondoren, sari banaketaren txanda izan da. Garaikurrak eta txapelak banatzeaz gain, parte hartzaileen artean fronteniseko materiala zozkatu dute. Azkenik, aitortza berezia egin diete lau herritarri.

Aurtengoa bigarren txapelketa izan bada ere, urtean zehar Irurako Gazte Asanbladak antolatzen dituen ekintzen artean "ezinbestekoetako bat" bilakatu dela aitortu du Apeztegiak. "Egutegian bere lekua hartu du, eta beraz, badu garrantzia", nabarmendu du. "Aurten, 16 bikotek eman dute izena nagusien mailan, eta gaztetxoen mailan lau bikotek. Herrian fronteniserako zaletasuna handia bada ere, ia denek sortzen den giroagatik hartzen dute parte". Hurrengo urtean, txapelketaren hirugarren edizioa antolatzeko "gogotsu eta ilusioz gainezka" daudela esan du Apeztegiak. "Gustura egiten dugun lana da, eta herritarrek eskertzen dute".

Bitxikeria modura, pilotari eman aurretik bi bote eginez gero, aurkariaren markagailura bi tanto igotzea da ezarri duten arauetako bat. "Pilota guztiak jotzera iristea bilatu nahi dugu, pilotariek ez dezatela amore eman, alegia". Apeztegiak, gainera, arau horrengatik galdu du azken unean goizean jokatutako finala. "Joko handia ematen du. 29-28 irabazten gindoazela, gerora finala galdu duen bikoteak tanto bikoitza egitea lortu du, eta beraz, finala jokatu ezinik geratu gara".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!