Parte hartze prozesua abiatuko dute herri ostatuaren kudeaketa eta antolaketa erabakitzeko

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 25a, 13:48

Otsailaren 14an, parte hartze prozesuaren berri eman eta herritarren espektatibak ezagutzeko aurkezpen saio bat egingo dute.

Irurako Udalak herritarrekin batera adostuko ditu kultur jaialdietarako espazio izango den herri ostatuaren oinarriak. Horretarako parte hartze prozesua jarriko du martxan, "herritarrei hitza eman eta eurekin batera herri ostatuaren zehaztasunak erabakitzeko".

2020ko udazkenean ospatutako udal eraikinen inguruko parte hartze prozesuan, Zahar-etxe taberna zena herri ostatu bilakatzea adostu zuten irurarrek, zehazki, "herritarrentzako bilgune izan eta herriari bizia emateko helburu izango duena". Herriko plazan kokatuta, ostatu jardueraz gain bertan formatu txikiko kultur ekitaldiak egiteko aukera izatea ere lehenetsi zuten herritarrek. Beraz, asmo hori gauzatzeko, orain, herri ostatu horren kudeaketa eredua eta espazioaren antolaketa erabakiko dute irurarrek elkarrekin.

Helburu nagusi horrekin batera, beste hainbat helburu zehatzago ere bete nahi dituztela azpimarratu du Irurako Udalak: "Irurarrek zer nolako herri ostatua nahi duten ezagutu eta zein balioen gainean eraiki behar den lehenetsi; Kudeaketa eredu ezberdinak ezagutu eta herritarren erantzunkidetasunean sakondu; Kudeaketa eredua definitu eta ezinbesteko funtzionamendu baldintzak eta egiturak adostu, herritarren arteko elkarlana sustatuz; Espazioaren banaketa irudikatu eta egin beharreko obrak adostu; Udalaren eta herritarren arteko zubiak eraikitzen jarraitu, gauzak elkarrekin landu eta erabakitzeko kulturan sakonduz; Herri nortasuna sendotu eta irurarren bizi kalitatea handitu; eta parte hartzeko kultura zabaldu".

Prozesua martxan

Hasteko eta behin, otsailaren 14ean, astelehena, aurkezpen saio bat egingo dute, partaidetza prozesuaren berri eman eta herritarren espektatibak ezagutzeko helburuarekin. Martxoaren 7an, berriz, beste herri batzuetako esperientziak ezagutzeko aukera izango da, kudeaketa eta antolaketa eredu desberdinak ezagutu eta Irurarako ideia eta proposamenak biltzeko.

Eta hauen atzetik etorriko dira Irurako herri ostatuaren kudeaketa eredua lehenetsi eta espazioaren antolaketari buruz proposamenak egin eta erabakiak hartzeko saioak. Prozesuan zeharreko saio eta jardunaldi guztiak astelehenetan egingo dituzte, 17:00etan, eskola zaharreko gela borobilean. Saioek irauten duten bitartean zaintza zerbitzua eskainiko dute.

Aurreko parte hartze prozesuan egin bezala, oraingoan ere jarraipen batzordea deituriko lan-egitura aktibatu da. Irurako udaleko ordezkari politikoek, udaleko teknikariek eta hainbat herritarrek osatuko dute batzordea eta euren egitekoa, prozesua berme guztiekin egiten ari denaren jarraipena egitea izango da. Une honetan bi herritarrek hartzen dute parte, eta udalaren asmoa da herritarren ordezkaritza hori zabaltzea, horregatik jarraipen batzordean izen emateko epea urtarrilaren 31ra arte zabalik egongo da. Izena emateko 943 69 26 74 telefonora deitu edo gazteria@irura.eus helbidera idatzi beharko dute interesa dutenek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!