Hondakin bilketa sistema berrirako txartelak banatuko dituzte datorren astean

Ataria 2022ko urt. 25a, 12:14

Aste honetan egingo dituzte egokitzapenak edukiontzietan; datorren astean banatuko dituzte txartelak eta otsailaren 7an jarriko da indarrean sistema berria.

Irurako Udalak jakinarazi du aste honetan edukiontzi marroian eta grisean bilketa sistema berriarentzako egokitzapenak egingo dituztela. Bitartean behin behineko edukiontziak jarriko dira kalean hondakin organikoak eta errefusak biltzeko.

Edukiontziak irekitzeko txartela ezinbestekoa izango da otsailaren 7tik aurrera, eta herritarrek eskuratu ditzaten banaketa egutegia jarri du udalak: urtarrilaren 31atik otsailaren 4ra, 09:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era herri eskolan.

Edukiontzi marroia txartelaren bitartez egunero erabili ahalko da eta errefusarena, aldiz, astelehen eta ostiraletan. Irurako Udalak gogorarazi du hondakin organikoak etxean edo auzoan konpostatzeko aukera ere badutela herritarrek. Konposta egiten duten familiek ezingo dute edukiontzi marroia erabili, baina hondakinen tasa murriztua aplikatuko zaie eta beren hondakin organikoak herrian kudeatzeagatik hondakinen zerga txikiagoa ordainduko dute.

Udalak herritar oro animatzen du, sistema berriarekin, hondakinen gaikako bilketa arduratsua egitera, "guztion artean Irurako ingurumena eta bizi kalitatea hobetzeko". Udalak berak emandako datuen arabera, Irurako hondakin gaikako bilketa 2015etik %10 murriztu da eta errefusarena, berriz, %10 hazi. Egoera horri buelta emateko txartel bidezko bilketa sistema jarriko du martxan udalak otsailaren 7an.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!