Tolosaldeko Bertso Eskolen Eguna larunbatean, Iruran

Ataria 2022ko urtarrilaren 18a

Pasa den urtean Zizurkilen ospatu zuten Bertso Eskolen Eguna.

Harituz Bertsozale Taldeak iaz ospatu zuen lehen aldiz eta izandako arrakasta ikusita berriz ere antolatu du; 10 eta 14 urte arteko gazteak animatu ditu bertan parte hartzera.

Harituz Bertsozale Taldeak Tolosaldeko Bertso Eskolen Eguna antolatu du bigarren urtez jarraian. 
Larunbatean izango da aurtengoa, Iruran. Bertso eskoletako ikasleen arteko harreman sarea eraiki eta egun pasa bikain bat egitea da ospakizunaren helburua, «betiere, euskara eta bertsolaritza ardatz hartuta», esan du Harituz taldeak.

Tolosaldeko bertso eskoletan dabiltzan haurrez gain, bertso eskolan ez dabiltzan baina bertsolaritzarekiko interesa daukaten haur eta gaztetxoak ere gonbidatu ditu Harituzek egun pasara: «Hamar eta hamalau urte bitarteko Tolosaldeko bertsozale guztiak gonbidatu nahi ditugu lagun berriak egin, bertsoaz gozatu eta tarte atsegina pasatzera». Egunaren egitaraua guztiz zehazteke egon arren, 2021ean Zizurkilen izandako arrakasta ikusita, antzeko zerbait antolatzen ari da Harituz aurtengorako; beraz, jolasik, bertsorik, irririk eta zirrararik ez da faltako. Hori dela eta, taldeak eskualdeko haur eta gaztetxok parte hartzera gonbidatu nahi ditu. Izena eman nahi dutenek posta elektroniko bat bidali beharko dute harituz.bzt@gmail.com helbide elektronikora.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!