Txakur jabeei zuzendutako ikastaroa antolatu dute Iruran

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 14a, 18:06

Udalak 'Txakurren heziketa eta elkarbizitza' izeneko tailerra antolatu du urtarrilaren 20rako. Udaletxean eman beharko dute izena parte hartu nahi dutenek.

Abenduan, Irurako Etxezarreta kalean kokatuta dagoen txakurrentzako parke berria zabaldu zuen udalak. Egitasmo honek, txakur jabeek zein gainontzeko herritarrek, galdetegi bidez jasotako iritziei erantzuten dio. Udalak nabarmendu duenez bi helburu nagusi bilatzen ditu espazio berri honen egokitzapenarekin: batetik animalientzat aproposa den ingurune bat eskaintzea; eta bestetik, animaliak edozein eremutan aske ibiltzeak sortzen dituen ondorioak ekiditea (erasoak, txakur-kakak...). "Pertsonen eta animalien arteko elkarbizitza errazteko borondatea dago atzean", esan dute udal ordezkariek. .

Bestalde, udalak animalien heziketarako saioak antolatuko ditu. Kangune txakurren trebakuntzan espezializatutako zentroak eskainiko ditu eta lehena, urtarrilaren 20an izango da. Txakurren heziketa eta elkarbizitza izenburua eramango du eta Etxezarretako txakur parkean eskainiko da. Bi txanda antolatu dituzte, goizez 11:00etatik 12:00etara, eta arratsaldez 16:30etik 17:30era. Doakoa da izen ematea baina partaide kopurua mugatua denez aurrez eman beharko da izena udaletxera deituta edo ingurumena@irura.eus helbidera idatzita. Txakurraren izena, jabearen izen abizenak eta NAN zenbakia, aukeratutako txanda, eta telefono zenbakia eta posta elektronikoa eman beharko dira izena ematerakoan. Txanda hartzeko azken eguna urtarrilaren 19a izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!