Hondakinen bilketarako neurri berriak hartuko ditu udalak

Tolosaldeko Ataria 2021ko abe. 28a, 11:57

Organikoa biltzeko edukiontzia irekitzeko txartela beharko da eta egunero egongo da zabalik; errefusaren edukiontziarentzat ere txartela beharko da eta astelehen eta ostiraletan ireki ahal izango da.

Irurako Udalak hondakinen bilketa tasaren datuak hobetzeko asmoarekin, esku-orriak banatu ditu herriko etxebizitza guztietan. Datuekin batera, ezarriko diren aldaketen inguruko informazioa ere eman du. Besteak beste, organikoa eta errefusa biltzeko edukiontziak irekitzeko txartela beharko da eta etxeko konpostagailua edo auzokoa erabiltzeko aukera emango diete aurrez izena ematen dutenei.

Etxez etxe banatu den esku-orrian udalak hainbat datu ematen ditu. 2015ean sortutako hondakinen %74 gaikako edukiontzietara botatzen zela nabarmendu du eta 2020an datu hori jaitsi egin dela, %64ra. Honenbestez, iaz %10 errefusa gehiago sortu dela aipatu du udalak, "zabortegietan pilatu edota erraustegietan erre dena". Etxean sortzen diren hondakinen gehiengoa  (%45 inguru) organikoa izan arren, Iruran, gaur egun, %28k baino ez ditu hondakin organikoak edukiontzi marroian uzten, udalak esan duenez, 2015ean baino %3 gutxiagok.

Hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzua garestitu egin dela dio Irurako Udalak. "Hondakin zergen bidez biltzen den diruak ez du kostua guztiz estaltzen. Ondorioz, defizita sortzen du, urtetik urtera handitu dena". Emandako datuen arabera, 2020an, 116.141 euroko defizita izan du udalak. "Eraikin publikoek, ibilgailuek, kale argiteriak eta makinariak duten bi urteko kontsumo kostuarekin alderatu daiteke kopuru hori edota gizarte zerbitzuetako urte oso bateko aurrekontuarekin", esan dute udal ordezkariek. Lurretik poltsak jasotzeko zerbitzuaren urteko kostua ere nabarmendu dute: 10.000 euro.

Kalte ekonomikoaz gain, ingurumenari eragindakoak ere zerrendatu ditu udalak: "Berrerabili daitezkeen materialak galdu egiten dira; tokian kudeatzen ez den zaborra tratamendu plantara eramateko kamioiak behar dira eta Co2-a isurtzen dute; zabortegiek eta erraustegiek gas eta hondakin kutsakorrak isurtzen dituzte".

Neurri berriak

Honenbestez, datu hauei buelta emateko asmoarekin Irurako Udalak neurri berriak hartuko ditu urtarriletik aurrera. Organikoa hobeto sailkatu eta jarraipena egin ahal izateko, organikoa biltzeko edukiontzia irekitzeko txartela beharko da. Edukiontzi marroia egunero egongo da zabalik. Bide batez, etxeko konpostagailua edo auzokoa erabiltzeko aukera ere emango du udalak. Horretarako izena eman beharko dute interesa duten familiek.

Errefusaren edukiontziari dagokionez, txartela beharko dute irurarrek hura irekitzeko. Astelehen eta ostiraletan ireki ahal izango da edukiontzi grisa eta pardelak erabiltzen dituzten familiek egunero zabaldu ahal izango dute, horretarako udalean eskaria eginda.

Udalak guzti honen inguruko informazioa emango du bi batzar informatibotan: urtarrilaren 13an euskaraz eta urtarrilaren 18an gaztelaniaz; bi batzarrak herri eskolan izango dira 18:00etan. Txartel irakurgailuak edukiontzietan urtarrilaren 24ko astean instalatuko dira eta urtarrilaren 31tik otsailaren 4ra pasa beharko dute herritarrek txartelaren bila. Herri eskolan egingo da banaketa 09:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era. Txartelak erabiltzen hasteko eguna ere zehaztu du udalak: otsailaren 7a.

Bide batez, urtarrilaren 1etik aurrera hondakinen tasa berriak aplikatuko zaizkie herritarrei. Besteak beste, hiruhileko bakoitzeko 33 euro ordaindu beharko dute familiek; konpostajea egiten duten etxeetan tasa 25,50 eurokoa izango da. Dena den, ura, zaborra, saneamendu zergak ordaintzeko zailtasunak dituztenentzat laguntzak emango ditu udalak eta horretarako 4.000 euroko diru poltsa gorde du datorren urterako.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!