Elkarrizketa

«Herri txikietan auzolan mota hau gabe ez litzateke bizitzarik egongo»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko abe. 22a, 11:59

Tolomendik Auzolangin(l)tza proiektuaren barruan galdetegia zabaldu du eskualdeko elkarte, eragile eta mugimendu ezberdinei zuzenduta. Noelia Lataburu Ortiz irurarra auzolan mota ezberdinetan aritzen da herriari begira, eta Tolomendiren galdetegian bere ekarpena egin nahi izan du. Tolomendiren webgunean bete daiteke galdetegia, eta betetzen dutenen artean bertako produktuekin osatutako saski eder bat zozkatuko dute.

Zergatik bete duzu Tolomendik zabaldu duen galdetegia?
Ekimena interesgarria iruditu zait, eta garrantzitsua iruditzen zait honelako esperientziak biltzea. Nire kasuan udala ere izan zitekeen, baina Irura Moretuz elkartearen gainean baino ez dut bete galdetegia.

Erraza izan da galdetegia betetzea?
Bai. Oso motza da, eta hiruzpalau minututan betetzen duzu.

Zein da zuk Iruran egiten duzun auzolan mota hori?
Irura Moretuz jaio berria den elkartea da. Batez ere feminismoaren sustapenerako sortutako elkartea da. Emakumeen ahalduntzea, emakumeen lanen memoria historikoa berreskuratzeko, etab... Horren harira hainbat ekimen antolatzen ditugu urtean zehar. Azaroak 25 eta martxoaren 8tik harago antolatzen ditugu ekitaldiak. Jabetze eskola bat ere martxan jarri da, eta aurten, esaterako, hiru ekimen antolatu ditugu eta datorren urtean beste hainbeste antolatzeko asmoa daukagu.

Zein da guzti horretan zure parte hartzea edo zure auzolana?
Herriko emakume pila batez osatutako taldea da Irura Moretuz, baina elkartean badago gidaritza lana egiten duen talde eragile bat eta ni talde horretako kide naiz. Lau emakumek osatzen dugu taldetxo hori, eta ni horietako bat naiz. Gainerakoan, talde mailan, parte hartzea, antolatzea eta guztiaz arduratzea izango litzateke nire parte hartzea edo auzolana.

Garrantzitsua iruditzen zaizu auzolan mota hauek gizarteratzea, biltzea, bultzatzea?
Badirudi auzolana herri bideak garbitzera mugatzen dela, eta azkenean jende pila bat dago herrietan lanean. Sinisten dugun alderdi edo esparru horietan lanean aritzen gara herriari ekarpen hori egiteko. Gure kasuan, erabat herritik sortutako mugimendua izan da. Zerotik abiatu ginen. Hemen ez zegoen ezer antolatuta, eta pixkanaka herriko emakumeok bagenuen halako kezka, grina eta gogoa zerbait egin eta bultzatzeko. Hortik sortu zen. Esparru honez gain, beste asko ere badaude, eta jende pila bat dago hor lanean sinesten dugun hori herriari eskaintzeko. Beraz, garrantzitsua iruditzen zait lan horiek azaleratzea. Alde batetik, jendeak horien berri izan dezan, eta bestetik, betiko auzolanaren ikuspegi horrekin apurtzeko.

Auzolan horiek mantentzen dituzte herriak bizirik?
Dudarik gabe. Azkenean, iruditzen zait herri txikietan auzolan mota hau gabe ez litzatekeela bizitzarik egongo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!