Elkarrizketa

«Erakusketak ikasleen urtebeteko lan gogor horri irismena ematen dio»

Jon Miranda Labaien 2021ko aza. 23a, 07:59

Arkitektura master amaierako lanen bilduma jasotzen duen erakusketa prestatu du; Tartean dago berea, Tolosan sormen zentro eta kafe antzoki bat sortzeko proposamena.

Mugak Arkitektura Biurtekoaren egitarauaren barruan sartu dute arkitektura eskolako ikasleen master amaierako lanen erakusketa. Xabier Artola Amonarrizek (Irura, 1996) prestatu du.

Nola sortu zaizu erakusketa honen komisario izateko aukera?

Arkitektura eskolak eskatu zidan komisariotza egin eta erakusketa diseinatzeko. Arkitektura eskolan master amaierako lanak biltzen dituen erakusketa bat da. Eskolako arduradunek buelta bat eman nahi zioten, izan ere, urtero antolatzen den erakusketa izanik, iaz egin gabe geratu zen COVID-19agatik. Aurtengo eta iazko lanak aurkezteko modu berri baten bila zebiltzan eta niri hots egin zidaten bilduma prestatzeko.

Zein izan da zure lana erakusketa muntatzerako orduan?

Bi ikasturteetako proiektuak erakutsi behar zirenez, nire egitekoa izan da diseinu dinamiko bat sortzea, bi formatu diferente batuko zituena. Otsailean Bilboko Arkitektoen Elkargora eramango denez, desmuntagarria eta espazioetara moldagarria behar zuen izan. Materiala berrerabiliz egin dut lan, balio hori ere eman nahi niolako. Espazio interesgarri bat sortu da, gertukoa, eta garrantzitsuena dena, urtebeteko ikasleen lan gogor horri irismena emango diona.

Lehen aldia zenuen horrelako lan batean?

Bai. Ezustekoz harrapatu ninduen eskaintzak, ez nuen espero, baina niretzat erronka polita izan da. Gaitasunak lantzeko proiektu interesgarria izan da. Stand berri batzuk diseinatu ditut, ate batzuk ere bai euskarri bezala funtzionatzen dutenak, eserleku batzuk ere egin ditut. Arkitektura eskolak aukera eman dit bertako fresagailuak eta laser makinak erabiltzeko eta horiekin fabrikatu ditut pieza guztiak. Erakusketaren diseinua, fabrikazioa, muntaketa eta antolaketa nire esku geratu da. Bateratasun bat eman nahi izan diot erakusketari.

Bertan erakusten den master amaierako lan horietako bat zeurea da.

Bai. Nik proiektua gradu amaierako lanean abiatu nuen. Eraikinak izango zuen erabileraren alde hori ongi garatu nuen, baina gainerakoan motz geratu zitzaidan eta master amaierako lana baliatu nuen proiektua ontzeko. Tolosako batzoki zaharraren orubean sormen zentro bat eta kafe antzoki bat egiteko proiektua garatu nuen.

Eraikina eraistea proposatzen duzu. Zergatik?

Gaur egun zutik dagoen eraikinaren inguruko azterketa urbanistiko bat egin nuen, eraikinak berak herriari zein kalte eta zein onura ekartzen dizkion ikusteko. Nik, bere garaian baloratu nuen kalteak handiagoak zirela onurak baino eta eraikina ez dagoenez babestu beharrekoen artean, ez duenez ondare babesik, erabaki nuen egokiena gaur egungo eraikina eraitsi eta ingurunera egokituko den beste eraikin bat sortzea zela.

Zein soluzio arkitektoniko proposatzen dituzu orube horretarako diseinatutako eraikin berriarekin?

Alde batetik, eraikinaren azpitik igarobide handi bat egitea proposatzen dut, ardatz berri bat sortuz Zumalakarregi kalea, Lopez Mendizabal pasealekua eta erretiratuen plazaren artean, Oria hoteleraino. Beste ardatz bat irabaziko luke herriak, seguruenik Tolosak duen panoramika ederrenarekin topo eginez. Fluxu hori aktibatzeak berekin dakar jende mugimendua, eta ondorioz, gaur egun udalak puntu beltz bezala izendatua duen Paulo Rekondo kale ingurunea seguruagoa bihurtzea. Ondoan dituen eraikinek ere osasunean irabaziko lukete, batzoki zaharrak bizkarra ematen baitie ingurukoei, itzala eta hezetasuna dakarkie. Ondoko eraikin horiek beranduago sortuak dira eta azkenerako jan egin dute batzokia zena.

Zehazki zein erabilera proposatzen duzu orube horretarako?

Beti ikusi izan dut kafe antzoki baten beharra; ostalaritza zerbitzua emateaz gainera, kafe tertuliak, hitzaldiak, kontzertuak edota aurkezpenak egiteko espazioa ere izango litzateke. Eta bestetik sorkuntza zentro bat, edo sorkuntza liburutegi bat irudikatu dut, erreferentziatzat Tabakalerako Ubik hartuz. Azkenean udalerri askotako liburutegiak zaharkituta geratu dira eta ez dira garai berrietara egokitu. Ez dute teknologian, artean edota musikan oinarritutako baliabiderik eskaintzen. Nire proiektuan horrelako espazio bat irudikatzen nuen. Dena den, jakin berri dut gaur egungo kultur etxeko eraikinean, tankera horretako proiektu bat egin asmo duela udalak, beraz, pentsatu nahi dut, nire proiektua ez nuela bere garaian hain gaizki irudikatu.

Zure proiektua norbaiten intereseko izan daitekeela uste duzu?

Akaso izan daiteke. Nirea lan akademiko bat izan zen. Udalak ekipamendu komunitariorako erabilera aitortzen dio orube horri eta pena da gaur egun hutsik egotea. Hala ere, eraikinak jabe pribatuak ditu, beste faktore batzuk ere sartzen dira tartean. Nirea proposamen bat baino ez da, arkitektonikoki eremu horri irtenbide duin bat eta orubeari erabilera interesgarri bat ematen diona. Xeheago ikusi nahi duenak Donostiako erakusketan du aukera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!