GI-3650 errepidearen egoeraz hitz egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bildu da udala

Ataria 2021eko azaroaren 22a

Irurako Udalak hilabeteotan landu duen txostena helarazi dio Bide Azpiegituretako departamenduari; Aldundiko ordezkariek proposamenak aztertzeko konpromisoa hartu dute.

Azaroaren 11n, Irurako Udaleko ordezkaritza bat (alkatea eta teknikariak) Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamentura hurbildu zen, sail horretako arduradun diren Aintzane Oiarbide foru diputatuarekin, zuzendari eta teknikariekin elkartzera, Irurako Kale Nagusia zeharkatzen duen GI-3650 errepideko trafikoarekin dituen arazoei buruz hitz egiteko.

Irurako Udalak, GEA21 enpresaren laguntzarekin, hilabeteak pasa ditu gaiaren alor nagusiak jasotzen dituen txosten bat osatzen. Bertan, modu zehatz batean aurkitu daitezke egoeraren diagnostikoa, herritarren pertzepzioaren inguruko datuak eta konponbiderako proposamenak.

Bileraren helburu nagusia aurkezpena egitea izan zela esan dute udaleko iturriek, "elkarlanerako lehenengo pauso izan dadin". Trafikoak Irurako herritarren egunerokoa baldintzatzen duela "begi-bistakoa" da udaleko ordezkarien esanetan; "orain, etorkizunera begira, hamarkadatan iraun duen arazoari irtenbideak aurkitzea dagokigu guztioi".

Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek konpromisoa agertu zuten Irurako Udalak aurkeztutako proposamenak aztertzeko eta departamentuko teknikarien bidez analisi propioak egiteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!