Ibaigain pasealekua egokituko du udalak, herritarrek horrela eskatuta

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 19a, 10:07

Irurako Udalak parte hartze prozesua jarri du martxan azken hilabete eta erdian; Azken bozketan 103 herritarrek hartu dute parte eta boto gehien eskuratu dituen proiektua gauzatuko du udalak. 

Ibaigain pasealekua egokituko du Irurako Udalak, azkeneko asteotan martxan jarritako parte hartze prozesuan herritarrek egokien ikusi duten proiektua izan baita. Ibai ondoko ibilbidean, adin guztietako herritarrek paseatzen dute egunero. Orain arte modu naturalean mantendu da zorua, baina orain, material trinkoago batekin egokitzea proposatu dute herritarrek. Zoru berriarekin, euriak sortzen duen lokatza ekidingo da, eta batez ere, adineko edo desgaitasun fisikoa dutenentzat irisgarriagoa izango da Ibaigain pasealekua. Parte hartze prozesuan parte hartu duten 103 herritarren %37,9ak egin dute aukera honen alde.

Aukeratua izan den proiektuan lanak egiten hasiko da aurki udala, baina jakinarazi duenez, etorkizunera begira beste proiektuak ere hartuko dituzte kontuan, prozesuan jaso duten eskaera kopurua ikusita. Hauek izan dira bozketaren emaitzak:

  • Ibaigain pasealekua (%37,9): material trinkoago batekin ibilbidea egokitzea.
  • Garbileku plazako argiztapena eta segurtasuna (%36,9): plazako argiztapena eta segurtasuna hobetzea.
  • Efizientzia energetikoa ( %18,4): eraikin publiko guztietan energia xahuketa murrizteko neurriak hartzea.
  • Bestelako proiektuak: Bi hilabetez behin, bigarren eskuko arropa edo tresnen azoka antolatzea; Irurako herriaren lurren mugak zehaztu eta herritarrei ezagutaraztea; Jai eta ospakizunetarako erabiltzen dituen buruhandi eta erraldoi berriak erostea.

Urrian abiatu zuen Irurako Udalak parte hartze prozesua. Hainbat proposamen jaso ondoren, teknikoki proiektu bakoitzaren azterketa eta balorazioa egin zituen. Proposamenei oniritzia emateko, besteak beste, interes publikokoa izatea, udalaren konpetentzia izatea eta teknikoki bideragarria izatea hartu zuten kontuan udal ordezkariek. Onartutako proiektua aurreikusitako diru kopuruarekin bateragarria izatea ere eskatzen zuten. Udalak, 2021an, 30.000 euro erreserbatu ditu herritarrek egindako proposamenekin inbertsioak egiteko.

Azaroaren 8tik 12ra bozkatu ahal izan dute herritarrek, udaletxera edo kulturunera gerturatuta, edo bestela, telematikoki, udalaren webgunean edo Irurako aplikazioan. 16 urtetik gorako herritarrek eta erroldatuta egon ez arren, bertan jardueraren bat egiten duten pertsonek izan dute botoa emateko aukera. 103 pertsonek hartu dute parte bozketan, ia %60a emakumezkoa, eta %40a gizonezkoa.

Irurako Udalak eskerrak eman dizkie parte hartze prozesuan parte hartu dutenei. "Horrelako ariketak egitea garrantzitsua zaigu herritarrak ahalduntzeko eta norabide horretan pausuak ematen jarraitzeko", esan dute udal ordezkariek.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!