2022ko egutegirako argazki lehiaketa antolatu dute

Ataria 2021ko aza. 2a, 11:47

Iazko sari emate ekitaldian jasotako irudia

Irura Bizi elkarteak antolatu du lehiaketa eta argazkiak aurkezteko epea azaroaren 14an bukatuko da.

2022ko egutegia osatzeko argazki lehiaketa antolatu du Irura Bizi elkarteak. Edertasuna gaiari erantzun beharko diote aurkeztutako argazkiek; koloretan eta Irurako lekuren batean ateratakoak izan beharko dute.

Iruran erroldatuta daudenek parte hartu ahal izango dute, bakarka eta parte hartzaile bakoitzak gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu. Irudiak formatu etzana izan beharko du eta era digitalean aurkeztu beharko da. JPG formatuan egon beharko dute 2500px alde zabalena, 250ppp eta RGB formatu espazioan. Argazkiak irurabizi@gmail.com helbidera bidali beharko dira. Argazki bakoitzarekin egilearen izena, posta elektronikoa, telefonoa eta azalpentxo bat bidali beharko da, argazkia non ateratakoa den azalduz. USB bidez ere aurkeztu ahal izango dira, liburutegian jarriko den kutxa batean, gutun azal baten barruan. Azaroaren 14a da argazkiak aurkezteko azkeneko eguna.

Kultura zinegotziak, Irura Bizi taldeko kide batek, Kultur Mahaiko bi kidek eta gaian aditua den herritar batek osatuko dute epaimahaia. Aukeratuko dituzten hamabi argazkien egileek 30 eurokok bonu bana jasoko dute, herriko taberna eta dendetan erabiltzeko. Epaimahaiak beste lau argazki aukeratuko ditu eta horien arteko irabazlea herritarrek aukeratuko dute, whatsapp mezuz egindako bozketa bidez; Argazki hori egutegiko azalekoa izango da eta argazki egile horrek ere 30 euroko bonua jasoko du. Bozketa parte hartzaile guztien artean beste 30 euroko bonu bat zozkatuko dute, beti ere, saritutako argazki egileren bat ez bada sariduna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!