Mendiarekin lotutako jarduerek beteko dute urria

Ataria 2021ko urr. 13a, 07:58

Hitzaldiak eta dokumentalak izango dira; eskualdeko mendietara igotzeko erronka ere egingo dute gazte eta helduen artean.

Irurako Udalak urrian herrian izango diren aisialdirako ekitaldien berri eman du. Nabarmentzekoak Mendiaren hilabetea izenburupean Irura Bizi elkarteak antolatutakoak, dokumentalak, elkarrizketak, hitzaldiak nahiz mendi erronkak izango dituztelarik irurarrek.

Mendiaren hilabetea-ri Mendian hil, hirian hil dokumentalarekin emango diote hasiera. Oroitzapenaren eta itxaropenaren gaineko dokumentala da, eskolako gela borobilean izango da ikusgai urriaren 19an 19:00etan, eta ondoren, In?aki Pen?a zuzendariarekin solasaldia izango da.

Urriaren 21ean Iker Karrera mendi korrikalariari buruzko Bidea Ipar liburua aurkeztuko dute Iker Karrera berak eta Unai Ugartemendia idazleak, 19:00etan gela borobilean.

Urriaren 26an Aitziber Ibarbia lasterkari zizurkildarrarekin elkarrizketa izango da, eskolako gela borobilean, 19:30ean hasita. Urriaren 28an, berriz, Jokin Lizeaga mendi korrikalariaren Sufrimendua ala gozamena hitzaldia izango da, gela borobilean, 19:00etan.

Ekitaldiak euskaraz izango dira, eta parte hartzeko gonbidapenak beharko dira, beraz, udalarekin jarri beharko da harremanetan aldez aurretik.

MENDI ERRONKA

Mendiaren hilabetea-ren barruan Irura Bizi elkarteak Irura Bizi I. Mendi Erronka ere antolatu du. Adin tarte guztietako herritarrek parte hartu ahalko dute, eta azaroaren 30era bitarte burutuko da. Helburua da bi hilabeteko epean, eskualdeko mendi kopuru bat igotzea. Hernio, Ipuliño, Loatzo, Mendikute, Murgil, Otsabio, Txindoki, Txurro, Uzturre eta Zarateko haitzak dira igo beharreko eskualdeko mendiak. 14 urte artekoek gutxienez hiru igo beharko dituzte, eta 14tik gorako herritarrek gutxienez bost tontor egin beharko dituzte.

Irura Bizi elkartetik esan dutenez, mendizaletasuna sustatzea eta eskualdeko mendiak ezagutzea da erronkarekin lortu nahi dutena. Mendi bakoitzera igotakoan, parte hartzaileek argazkia egin beharko dute, eta ondoren norbere datuekin (izen-abizenak, adina, helbidea, mendiaren izena eta mendira igotako data) irurabizi@gmail.com helbidera bidali. Argazkiak banakakoak izan beharko dutela esan dute elkartetik. Gainera, saria jasotzeko aukera ere izango da. Hain justu, kirol denda batean gastatzeko 50 euroko bi bono zozketatuko dituzte parte hartzaile guztien artean, 14 urte bitartekoen artean bat, eta 14 urtetik gorakoen artean bestea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!