ELKARRIZKETA

"Aritu naizen esparru guztietan eman dira aurrerapausoak"

Jon Miranda Labaien 2021ko urr. 8a, 11:57

Marimi Ugalde Zabala. JON MIRANDA

Marimi Ugalde Zabala irakasle ohia da eta Irurako alkate ohia. Txikitatik datorkio irakasle izateko bokazioa Ugalderi, eta horretan jardun du urte askoan, harik eta 1995ean Irurako alkate izendatu zuten arte; behin erretiroa hartuta, zahartzaro aktiboaren aldeko borrokan dabil.

Elduaingo Benta Berrin jaio zen Marimi Ugalde Zabala (Elduain, 1940), baina 5 urte inguru zituela Irurara joan zen bizitzera. Ama Clara Irurakoa zuen, eta aita Anjel, Eldukoa (Berastegi). Hango bikario etxeko maistra izan zen urte luzez Ugalderen amona, eta haren adibideari jarraituz egin du ibilbide luzea berak ere, bai irakaskuntzan, bai herrigintzan.

Nola igaro duzu azken urte eta erdiko COVID-19ak eragindako pandemia garaia?

Uste baino hobeto. Ahal nuen guztietan etxearen atzealdean dudan lorategitxora jaisten nintzen. Aktibo mantentzeko, memoria lantzeko, ariketak, denbora-pasak eta jokoak egiten nituen, abestu eta gorputza mugitzeko dantza pixka bat ere bai. Nahikoa ongi konpondu naiz, baina dezenteko beldurrarekin. Iruran, lau lagun galdu genituen pandemia hasierako asteetan, hiru sendi berekoak, gainera; hemen gurekin erretiratuen elkartean ibiltzen ziren. Kolpe handia izan zen. Baina, tira, beldur hura ere menderatu behar izan genuen, eta aurrera jarraitu beste erremediorik ez dugu izan.

Zu alargunduta zaude, eta bakarrik bizi zara. Nola eraman zenuen itxialdia?

Ni, berez, banaiz jendearekikoa. Kalera irten eta erraz hasten naiz batekin eta bestearekin hizketan. Gogorra egin zitzaidan itxialdian eman genuen denbora. Hala ere, banuen nire adinkideekiko kezka, eta aste haietan banan-banan telefonoz deitzen nien zer moduz ote zeuden jakiteko. Elkar zaindu genuela esango nuke.

Adinekoak nola sentitu zarete hilabeteotan? Zainduta?

Bai, gurea bezalako herrietan, bai. Jendea asko atzeratu da gaitzagatik, eta askok beldurra izan dute kalera ateratzeko ere. Beharrean dauden pertsona nagusiengana gerturatzeko ahalegina egin du udalak, eta, boladarik makurrenean, boluntario sare bat osatu zuen haiek zaintzeko. Beste kontu bat da, oro har, administrazioek nola jokatu duten. Pandemiaren hasieran, adinekoen egoitzetan izan zen heriotza gehien, eta hor okerren bat izan zela pentsatzen dut; ez da posible hainbeste jende hiltzea. Gertatutakoak erakusten du ez zegoela behar bezainbesteko prestakuntzarik horrelako egoera bati aurre egiteko.

Zuk, gaztetan, nolako harremana zenuen adinekoekin? Gaur egungoarekin alderatuta, tratua asko aldatu al da?

Aitona-amonekiko harremana errespetuzkoa izaten zen, eta beldurrezkoa ere bai, askotan. Familiak handiagoak izaten ziren, eta, elkarbizitza gehiago zegoenez, iskanbilak ere maizago sortzen ziren. Ni, dena den, ondo moldatu nintzen nireekin. Orain, berriz, aitona-amonak behar-beharrezkoak dira eguneroko martxari eusteko. Askotan haiek egiten dira umeen kargu. Egongo dira bazterrera uzten diren adinekoak, baina nik ez dut horrelakorik bizi. Nik neure buruaz soilik hitz egin dezaket, eta esan dezaket errespetuzko tratua jasotzen dudala alde guztietatik.

Zuk zeure burua horrela irudikatzen al zenuen 81 urterekin?

Ez. Gaztetan ez zara jabetzen nolakoa izango zaren. Urtez urte bizi zara, eta une oro datorrenari egiten diozu aurre. Ez naiz behin ere izan biharko egunarekin gehiegi pentsatzen duten horietakoa. Dena den, zahartzaroak hori du; gastatuz joaten zara, fisikoki beste modu batera ikusten duzu zeure burua, baina aurrera egiten duzu daukazunarekin. Oso baikorra eta alaia naiz, ondo dakite hori nire ingurukoek. Saiatzen naiz nire barne mundua elikatzen; idaztea eta irakurtzea asko gustatzen zait.

Antolatu eta borrokatzeko grina daukazue zuk eta zure belaunaldikoek.

Bai. Gerra bukatu berritan jaio nintzen ni, 1940an. Zazpi senideetan ni naiz zaharrena, eta ondoren etorri direnei bidea irekitzea tokatu izan zait. Etengabeko borroka izan da nirea. Arlo askotan tokatu zait borroka egitea: ikastolak ireki zituztenean, udaletxean, orain pentsiodunen mugimenduan… Iruditu zait fundamentua duten eta merezi duten borrokak izan direla denak. Esan dezaket aritu naizen esparru guztietan eman direla aurrerapausoak, atzera, behintzat, ez dela egin.

Zer kargu duzu Eguzki Txoko Irurako adinekoen biltokian?

Biltokiko presidentea naiz, eta Agijupens Gipuzkoako elkarteko batzordean ere parte hartzen dut. Zahartzaro aktiboa bultzatzeko ahalegina egiten dugu. Udalei laguntza eskatzen diegu erretiratuen elkarteekin elkarlanean jarduerak antola ditzaten. Nagusia izateak ez du esan nahi ezinean eta baztertuta bizi behar duzunik; adinean aurrera eginda ere ondo bizi zaitezke. Adinkeriaren aurka egiten saiatzen gara.

Adinekoa, emakumea eta euskalduna. Hiru aldiz azpiratua?

Baliteke. Nik, hala ere, emakume gisa ez dut horrelako esperientzia txarrik izan. Irurako aurreneko emakume alkatea izan nintzen, eta laguntza asko jaso nuen; oso harrera ona egin zidaten. Aurrerapen asko izan diren arren, badago non eragin, eta horregatik nabil, adibidez, Irura Moretuz talde feministan. Udalaren laguntzaz beka bat atera dugu herriko emakumeen ekarpena lan batean jasotzeko, eta beste hainbat proiektu dauzkagu esku artean.

Zure ibilbide profesionala alde batera utzi, eta familiarekin Kataluniara joatea erabaki zenuen 1973an. Zergatik?

Harako grina hartu zuen senarrak. Bi ume txiki geneuzkan orduan, eta bizitza aldatzea erabaki genuen. Lehenik, Cambrilsen egon ginen, eta gero, Bartzelonan. Oso ondo hartu gintuzten, orduan, orain bezala, euskaldunak estimu handitan gintuztelako, guk haiek baino gehiago, esango nuke. Senarrak jatetxeak zabaldu zituen han, eta etxeko negozioan laguntzea tokatu zitzaidan. Irakaskuntza ez nuen erabat utzi: hemengo jatorria zuen familia bateko ondorengoei euskara irakasten jardun nuen.

Ederki ezagutzen dituzu bi nazioak, Katalunia eta Euskal Herria. Lortuko al du independentzia bateren batek?

Hori bai galdera zaila. Uneren batean bazirudien Kataluniak aurre hartuko zigula. Orain, berriz, apalduta ikusten ditut bi nazioak. Hemen eta han falta den gauza bat da guztiok elkar hartzea. Azken garaiotan elkarren artean mokoka ikusten ditut katalanak ere. Independentziarenak luze joko duela iruditzen zait.

Dozena bat urte eman zenituzten Katalunian. Zergatik erabaki zenuten Irurara itzultzea?

Gure herriak tira egiten zigun. Betirako han gelditu edo hona etorri erabaki beharra geneukan. Iruran ama bizi nuen orduan, eta, han geunden bitartean, semeek uda hemen pasatzen zuten. Ikaragarri gustatzen zitzaien. Bueltarakoan zalantza gutxi izan genuen Iruran bizitzen jartzeko.

Handik bueltan, berriro heldu zenion irakaskuntzari.

Bai. Inguruko herriak pasatu nituen ordezkapenak egiten. Iruran bertan, Villabonan, Andoainen, Ibarran eta Tolosan izan nintzen, besteak beste. Oso aberasgarria izan zen, ikastola guztietako lan egiteko moduak bertatik bertara ezagutu nituelako.

Kataluniara joan aurretik, ordea, irakasletza ikasi eta oso gazte hasi zinen eskola nazionaletan maistra.

Bai. Gaztelania hutsean egin nuen irakasletza, eta praktikak egin nituen handik atera eta berehala, Adunan, Tolosako Santa Lutzin eta Hernialden. Eskola nazionaletan, mutilak eta neskak bereizita eta gaztelaniaz ematen genituen eskolak. Euskara oso zapaldua zegoen orduan.

Iruran parrokiako eskolan jarraitu zenuen. Nolaz?

6 urte bitarteko umeentzako eskola zen, eta irakaslearen aukeraketa parrokoaren esku geratzen zen. Ni nintzen Iruran irakasle zebilen bakarra, eta hor hasi nintzen. Euskara gutxi egiten genuen, edozein etorrita ere zerbait esango zuten beldur. Mistoa zen eskola, baina, hala ere, nahikoa nazionala zen oraindik ere, euskara erabat galarazita zegoelako.

1963an, Andoaindik hots egin zizuten. Nola bizi izan zenuen ikastolen mugimenduaren sorrera?

Gutxi ginen aldi berean irakasle ibili eta euskara genekienak, eta Andoaindik etorri zitzaizkidan ikastolaren sorreran parte hartu nahi ote nuen galdezka. Zalantzak izan nituen gai izango ote nintzen, baina, azkenean, baiezkoa eman nien. Karmele Esnal andereñoarengana joan ginen prestakuntza jasotzera, eta horrelaxe ekin genion. Orduan konturatu nintzen zenbateraino zegoen zapalduta euskara. Klaseetan geundela, guardia zibilak etortzen zitzaizkigun iskanbila jartzera. Andoaindik Tolosako udal ikastolara joan nintzen irakastera.

Nondik datorkizu irakaskuntzarako bokazioa?

Familiatik. Amonak 48 urte eman zituen maistra Elduko eskolan. Ni 5-6 urterekin etorri nintzen Irurara bizitzera, baina lehenengo urteak Elduainen eman nituen. Amonarengana joaten ginen hark eskolak ematen zituen bitartean. Hiru urterako ba omen nekien irakurtzen. ‘Besteei erakusten jardun eta nola ez diot, bada, nire bilobari erakutsiko’, pentsatuko zuen amonak bere artean. Nafarroan ere izeba bat genuen irakasle, eta, bakarrik bizi zenez, ilobok urtebete ematen genuen txandaka harenean. Horrelaxe sartu zitzaidan harra. Irakaskuntza senean daramagu; ahizpak ere irakasle izan ditut, eta iloba batzuek ere jarraitu diote familiako tradizioari.

Gaztetxoekin izan duzun harremana ez duzu behin ere eten. Dantza irakasten ere jardun duzu.

Bai. Euskara eta kultura lotuta ikusten ditut. Dantza eta abestea izan dira irakaskuntzaz aparte gehien gustatu izan zaizkidan jarduerak. Kantatzen eta dantzatzen duen herria ez dela hilko dio esaerak, eta nik horretan sinesten dut. Gazteei ere hori transmititzen saiatu izan naiz, euren kulturaren alde egin dezaten. Alkate hasi nintzenean, irakaskuntza alde batera utzi behar izan nuen, eta herriko umeak ez nituen utzi nahi bazterrera. Dantza irakasten hasi nintzaien, astean behin.

1991n zinegotzi sartu, eta 2011ra arte aritu zinen udalean, azken hamasei urteetan, alkate. Esker txarreko lana al da?

Horrela esaten dute. Niri lagundu egin zidan baikorra izateak. Gauza gogorrenak aparte uzten saiatzen nintzen, lotarako orduan, behintzat, nahiz eta batzuetan problema eta guzti joaten nintzen ohera.

Zerk eman zizun buruko minik handiena?

Bereziki gogoan dut ditxosozko diskotekarena. Ondo hasi zen kontua, baina jabeak aldatu zituzten gero, eta garai hartako bakalao ibilbide horretan sartu zuten. Autobusetan etortzen zitzaigun jendea Euskal Herriko txoko guztietatik, baita Frantziatik ere. Iskanbila handia izan zen; herriko jendea oso disgustura zegoen. Manifestazioak izan ziren herrian, eta oso gaizki pasatu nuen.

Uste baino urte gehiago eman zenituen alkatetzan?

Bai. Lehen bi legealdiak bete ondoren, ilegalizazioaren garaiak harrapatu ninduen. 2003an, ni nindoan zerrenda baliogabetu egin zuten, baina aurkeztu ziren zerrendetako hautetsiek ez zuten kargua hartu, eta nik jarraitu nuen jarduneko alkate. 2007an, berriz, ez genuen zerrendarik aurkeztu, eta boto zuriaren aldeko kanpaina egin zuten herritarrek. Gehiengo oso batek babestu zuen aukera hura, eta, horri eskerrak, alkatetzan jarraitu ahal izan nuen nik. Herriak babesa ematen zidalako jarraitu nuen, eta halabeharrez, guk segitzen ez bagenuen herria agintaririk gabe geratuko zelako. 2011n, aukera guztiak legeztatuta, belaunaldi berriei eman nien lekukoa.

Irura asko handitu zen zu alkate izan zinen urteetan. Zein erronka ditu orain?

Alkate sartu nintzenean, zazpiehun biztanle zituen Irurak, 350 gizonezko eta 350 emakumezko, eta kargua utzi nuenean 1.500 inguru izango zituen. Denbora askoan ez zuten etxebizitzarik egin, eta, gu sartu ginenean, Etxezarreta paper fabrikako eremua urbanizatzea erabaki genuen. Han egin dituzte etxebizitza gehienak. Orain, herri izaera berreskuratzea da erronka nagusia, Irura lotarako herri izan ez dadin. Umeak eskolan hasi ahala eta haziz joaten diren heinean, pixkanaka hasten da herri giro hori mamitzen, eta norabide onean goazela uste dut.

Lau biloba dituzu; nola irudikatzen dituzu zure adinarekin?

Osasuna eta indarra izaten dituzten bitartean, ni kontentu naiz. Esaten diet izan daitezela baikorrak eta alaiak, horrekin bizitza erdia egina baitaukate.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!