Borteyru anaiek bere lehenengo San Migel Xare Irekia lortu dute

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 2a, 20:32

Gaur arratsaldean jokatutako finalean 40-33 irabazi diete Larronde-Etxebest bikoari. I. Gazteak Xare Irekian Urruñako Halsouet-Vila bikoak Irurako Zabalegi-Mujika bikoari 40-31 irabazi diote.

Goi mailako partidak ikusi ahal izan dira gaur Ametsa trinketean, I. Gazteak Xare Irekiko eta III. San Migel Xare Irekiko finaletan. Lehenengoak jokatzen gazteak izan dira, eta bikote irurarrak ezin izan du garaipena lortu. Hasiera oso ona eman diote, eta bost-sei tantoko aldearekin joan dira, baina partidaren erdira iritsi direnean, Iparraldeko bikoak aurre hartu du eta hortik aurrera partida beraiena izan da.

Nagusien finala parekatua izan da. Azken hamarkada bitartean pilotariek oso ondo jokatu dute, baina bukaeran Borteyru anaiek ihes egin dute eta partida beraiek eraman dute. Lehenengo aldiz parte hartu dute elkarrekin Irurako torneoan eta txapela eraman dute. Oso gustura zeuden biak: "Ikaragarri kontent gaude txapela elkarrekin lortu dugulako. Partida ona egin dugu finalean hastapenetik bukaera arte eta biziki kontent gaude".

Mikel Uzkudun Ametsa Pilota Elkarteko kideak azaldu duenez, "txapelketekin gustura egoteko moduan gaude. Aurten gazte mailako txapelketa berreskuratu dugu, eta hor ahalegin handia egiten ari gara xarearen alde, bai elkartetik eta baita Irurako Udalaren aldetik ere". Irura xarean jokatzen den Hegoaldeko herri bakarrenetakoa dela kontuan izan behar dela gaineratu du Uzkudunek, eta nagusien mailan izaten den ikusgarritasuna nabarmendu du: "Nagusien mailan jokalari onenak etortzen dira Irurara San Migel Irekian parte hartzera eta ikusi daitekeen maila dela-eta gustura gaude txapelketak emandakoarekin".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!