Pandemian hildako irurarrak gogoratu dituzte

Jon Miranda Labaien 2021ko ira. 29a, 15:29

Iruran aurten ere ez da jai girorik izan San Migel egunez, horren ordez ‘Aulki hutsak’ ekitaldia egin dute plazan, hil diren herritarrak oroitzeko

Iazko martxotik orain arte Iruran hil diren 14 herritarrak omendu dituzte gaur, Auki hutsak izenburupean egindako ekitaldiarekin. Gorka Murua alkateak oholtza gainetik aipatu bezala, «bizitzeko gogoak ematen duen indar eta baikortasun guztiarekin» oroitu zituzten joandako irurarrak, COVID-19arekin edo bestelako arrazoiengatik hil direnak.

Arrosaz beteriko saski bat eta aulki huts bat egon dira, uneoro, ekitaldiaren erdigunean. Amaieran, udal ordezkariek senide bat galdu duten herritarren artean banatu dituzte arrosa gorriak. Bide batez, oholtzaren albo batean kutxa bat jarri dute ekitaldiaren antolatzaileek eta herritarrek hildako pertsonarentzako azken mezu bat idazteko aukera eman diete horrela nahi izan duten herritarrei.

«Gertuko pertsonak joan zaizkigu hutsune isil bezain handia utziz eta denbora honetan haiek agurtzeko unean ere zailtasunak izan ditugu», esan du saioaren hasieran Olaia Nieto zinegotziak. «Agurraren ondoren geratzen den hutsuneak dena betetzen du. Hala ere, badira, aske, hegan dabiltzan eta pentsamenduaz ehiza ditzakegun milaka une. Batzuetan malko forma hartuko dute, baina beste askotan, gehienetan, irribarrearena».

Musika eta dantza ardatz

Malkoa begi ertzean dutela jarraitu dute plazan bildutako herritarrek Aulki hutsak emanaldia. Hildako herritarrak gogoan hartzeko emanaldi berezia prestatu dute Leire Berasaluzek, Iñar Sastrek, Xabi Artolak eta Garazi Egigurenek.

Xabier Leteren poemak irakurri ditu Leire Berasaluzek Iñar Sastre pianoan lagun duela. Ondoren, Idoia Asurmendiren Aulki jokoa kantua eskaini dute elkarrekin. Haiekin batera, eta oholtza gaineko aulki hutsaren inguruan, Garazi Egiguren dantzari tolosarrak emanaldia eskaini du. Sastrek pianoan jotako euskal dantzen doinuekin dantzatu da Xabi Artola irurarra eta ekitaldia amaitzeko Izaro kantariaren Paris pieza eskaini dute, berriro elkarrekin, Sastrek eta Berasaluzek. Udal ordezkariek artistek egindako ahalegina eskertu nahi izan dute emanaldiaren amaieran.

Pandemian hildako herritarrak gogoratuz, dolua modu kolektiboan burutu nahi izan dute gaur irurarrek, hain zuzen, herriarentzat egun seinalatuan, San Migel egunean.

Erlazionatuak

'Aulki hutsak' ekitaldia Iruran

Tolosaldeko Ataria 2021 ira 29 Irura

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!