Trafikoaren inguruan egin den lanketari buruzko erakusketa jarri dute

Ataria 2021eko uztailaren 14a

Bi astez egongo da ikusgai San Migel plazan, udaletxe atarian. Uztailaren 16an eta 23an, udal ordezkariak herritarren zalantzak argituko dituzte erakusketa gunean, 10:00etatik 11:00etara.

GI-3650 errepideko trafikoa lasaitzeko arazoaz hitz egiteko herri batzarra egin zuen Irurako Udalak ekainaren 22an. Bertan aurkeztu zen Gea21 enpresak gaiaren inguruan egin duen txostena eta orain lanketa horren puntu nagusiak jarri dituzte ikusgai udaletxe atarian dagoen erakusketan.

Besteak beste, Irurako trafikoaren inguruko datuak bildu dituzte eta ibilgailu kopurua, sortzen den zarata eta gertatu diren istripuen ingurukoak jaso dira paneletan. Trafikoa gutxitzeko proposamenak ere landu dituzte, eta adibidez, autobidearekin lotura egiteko dauden aukera ezberdinak aztertu. Herriko eragileen artean banatu den galdetegiaren emaitzak ere kontsultatu daitezke erakusketan.

Datozen bi ostiraletan, uztailaren 16an eta 23an, 10:00etatik 11:00etara udal ordezkariek herritarren zalantzak argituko dituzte erakusketa gunean bertan. Herritarrek euren ekarpenak egin ahal izango dizkiote txostenari eta ondoren azken proposamenarekin joko du udalak Gipuzkoako Foru Aldundira.

Irurako Udalaren webgunean irakurri daiteke Gea21 enpresak landu duen txosten osoa.

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!