Irurako adinekoen biltokia berriro zabaldu dute

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 5a, 12:59

Eguzki Txoko adinekoen biltokia iazko martxoaren 13tik egon da itxita. Uztailaren 8an, ostegunean, bazkideek batzarra egingo dute erabilera arau berriei buruz hitz egiteko 17:30ean.

2020ko martxoaren 13an etxeratze agindua ezarri zenetik itxita egon da Eguzki Txoko Irurako zaharren biltokia. Hilabete "luze eta gogorrak" izan dira Gorka Murua alkatearen hitzetan eta gogoan izan ditu, bereziki, COVID-19agatik hil diren biltokiko erabiltzaileak. Haien senitarteko eta lagunentzako agur bana bidali ondoren, osasun egoerak "zertxobait hobera" egin duela ikusita udalak hartu duen erabakiaren berri eman du: "Adinekoen osasun fisiko eta psikologikoarentzat onura delakoan eta segurtasun neurri guztiak kontuan hartuta zabalduko ditu ateak zaharren biltokiak".

Eusko Jaurlaritzak elkarte gastronomiko eta bestelako biltokietarako publikatu duen araudia kontuan hartuta, Eguzki Txoko biltokiaren protokoloa landu du Irurako Udalak. Besteak beste, maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da eta eskuen higienea zainduko da gelak erabilita. Horrekin batera, airearen kalitatea neurtzeko gailuak jarriko dira eta ozono gailua aktibatuko da behin eraikina hustutakoan. Protokoloak balizko COVID-19 kasuren bat gertatzen bada jarduteko prozeduraren berri ematen du.

Marimi Ugalde Eguzki Txoko biltokiko presidenteak azaldu duenez, datorren uztailaren 8an, 17:30ean bilera bat egingo dute bazkideek, besteak beste, udalarekin adostutako protokoloari buruz hitz egiteko eta ekintza bakoitzarentzat azpi-arduradunak izendatzeko. "Ahal den heinean talde egonkorrak eratuko ditugu eta talde bakoitzak ordu zehatza izango du aretora sartzeko. Arduradunok erabiltzaile bakoitzaren datuak jasoko ditugu", esan du Ugaldek.

Gaur egun 100 bazkide inguru daude izena emanda Eguzki Txoko zaharren biltokian, baina maiztasunarekin 20 lagun inguruk erabiltzen dutela baieztatu du Ugaldek: "Aforoak neurtu ditugu eta ez da arazorik egongo erabiltzaileak hartzeko. Kanpoan terraza dugu, espazio handi eta egokia, eta hori ere baliatu dezakegu eguraldi ona egiten duenean".

Orain zabalduko ditu ateak zaharren biltokiak, baina gauzak ondo bidean irailetik aurrera berreskuratuko ditu ohiko ekintzak. Osteguneko bileran guzti horri buruz hitz egiteko aukera izango dute biltokiko bazkideek. Muruak azaldu duenez Eguzki Txoko leku segurua izango da adinekoentzat, eta biltokiaren izenari erreferentzia eginez, erabiltzaileei bertan egun "goxo eta onak" igarotzea opa nahi izan die.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!