Gehiegizko trafikoaren arazoaz hitz egiteko herri batzarra egingo dute

Ataria 2021ko eka. 17a, 11:00

Herri eskolan, ekainaren 22an egingo dute herri batzarra 18.00etatik aurrera. Telematikoki ere jarraitu ahal izango da bilera.

Irurako Udalak hilabeteak daramatza herria zeharkatzen duen GI-3650 errepideak eragiten dituen arazoak aztertzeko diagnostiko bat osatzen, eta horrekin batera, irtenbideak izan daitezkeen proposamenak aztertzen. Azterlan horrek bi zati izango ditu: bata teknikoa, Gea21 enpresak garatuko duena; eta bestea, berriz, herritarren parte hartzearekin gauzatuko dena.

Guraso eta adineko pertsonei galdetegia zabaldu zien udalak urte hasieran eta orain batzar ireki batekin irurarren iritziak eta ekarpenak jaso nahi ditu. "Arazo kolektiboek erantzun kolektiboak eskatzen dituzte, horregatik ezinbestekoa da herritarren parte hartzea", esan dute udaletik.  Ekainaren 22an, asteartea, herri eskolan egingo da batzar irekia 18:00etan eta telematikoki parte hartzeko aukera ere izango da www.irura.eus webguneko estekan sartuta.

Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako azken azterketaren arabera egunero GI-3650 errepidetik 6.000 ibilgailu pasatzen dira bataz beste. Kopuru horren portzentaje esanguratsu bat trafiko astunari dagokio eta astelehenetik ostiralera bitarteko epea aztertuz gero, egunean 6.600 ibilgailu izatera ere iristen dela dio azterketak. 

Irurako Udalak datu horien atzean ezkutatzen diren gasen emisioa, kutsatze akustikoa eta segurtasun eza nabarmendu ditu eta esan du ondorio "kaltegarri" hauek adinekoek, desgaitasun bat dutenek, eta haurrek pairatzen dutela gehien. "Herri lagunkoiak, aire garbia, mugikortasun jasangarria eta antzeko terminoak egunero entzuten ditugun garaiotan, irurarrok bizi baldintza horiek lortzetik urrun gaudela konprobatzea gauza erraza da, eta mingarria aldi berean. Uste dugu badela garaia XXI. mendean sarturik, benetako konponbidea lortzeko" aipatu dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!