LH1 eta LH2-ko haurrentzako kirol eskaintzaz gogoeta egingo dute

Ataria 2021eko ekainaren 8a

Familiekin bilera telematiko bat egingo du udalak ekainaren 10ean 17:00etatik aurrera.

Irurako Udalak denbora darama 6-8 urte  bitarteko haurrentzako kirol eta heziketa garapenaren esparruan egokiena izan litekeen egitasmoari buruz hausnartzen. Gaztetxoei genero ikuspegia, modu parte-hartzailea edo iritzi kritikoa bezalako terminoak irakatsi eta praktikan jarri ahal izateko tresna egokia eskaini nahi diete udaletik.

Orain arte, kirolaren esparruan eskalada, irristaketa eta diziplina anitzeko dantza eskaini izan dira Iruran. "Ikastaro horiek ondo gidatuak egon arren eta harrera ona izan arren, ez dakigu  beharko luketen funtzio nagusia betetzen ote duten, edo behintzat zalantzan jartzen dugu aukerarik  onena hori ote diren", esan dute udaletik. LH1 eta LH2ko ikasleak eskola kirolaren aurreko fasean aurkitzen dira, eta beraz, gai honi beste perspektiba zabalago batetik erreparatu beharra dagoela uste dute.

Udalak familiekin batera hausnarketa konpartitu bat osatzeko ariketa proposatu du. Gai honekin lotura estua duten bi eragile gonbidatu ditu lanketa honetara: ikastetxeak eta Gipuzkoako Foru Aldundia. "Euren esperientzia eta jakintzak erabaki onena hartzen lagunduko digu". Gipuzkoako Foru Aldundia Jolashezi izeneko programa bultzatzen ari da Gipuzkoako herri guztietan eta programaren informazioa jasoko dute Iruran, Itsaso Nabaskues kirol teknikariaren eskutik.

Ariketa hau burutzeko bilera telematiko bat antolatu dute, ekainak 10ean, arratsaldeko 17:00tan, ondorengo loturan:  https://meet.jit.si/2021/22KirolikastaroakLH1-LH2

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!