Eskutik doazen bi borroka

Jon Miranda Labaien 2021ko mai. 21a, 11:59

Onintza Enbeitak ‘Euskara eta feminismoa pandemia garaian’ hitzaldia emango du gaur Iruran.

“Emakumeen ikusgaitasuna eta ahalduntzea bultzatzeko eta indarkeria matxistaren aurka indarrak batzeko” sortu dute Irura Moretuz talde feminista. Maiatzaren 2an aurkeztu zuten ofizialki, nahiz eta 2019koak diren hastapeneko pausoak. Elkartzen hasi eta gutxira, pandemiaren etorrerak “geldialdian” utzi zituen Irurako emakume taldearen asmoak. Hala ere, itxialdian ere, elkarri babesa emateko bideoak grabatuz eta laguntza sarean parte hartuz, elkarrekin harremanetan jarraitu zuten herriko emakumeek. Garazi Karrera Irura Moretuz taldeko kidearen ustez, etxean “geldi eta bakartuta” egon beharrak are gehiago nabarmendu zuen herriko emakumeek elkartzeko zuten premia: “Indarra bazegoen, baina antolatzea falta zitzaigun. Talde moduan eratzeko azken bultzada eman zigun itxialdiak”.

Hemendik aurrera borroka feministan sakontzeko ekitaldiak antolatzeko asmoa du Irura Moretuz taldeak, eta gaur egingo dute saio horietako bat, kulturgunean, 19:00etan. Hain justu, egungo pandemiak euskaran eta feminismoan izan dituen ondorioen inguruko hausnarketa plazaratuko du Onintza Enbeita euskaltzale, bertsolari eta feministak. Iaz plazaratu zituen gogoeta horiek lehen aldiz, Eskoriatzako Udalak eskatuta, Euskaraldiaren testuinguruan, eta, ordutik, Usurbilen eta Muxikan ere (Bizkaia) jardun du, feminista eta euskaltzale gisa pandemia garaiko bizipenak plazaratuz.

Iruran hilabeteotan egin duten saretze lanak eman dio bertsolariari hausnarketarako lehen gakoa: “Feminismoak denbora asko darama zaintza erdigunean jarri behar dugula esanez; konfinamenduak agerian utzi du hori. Ez gara kapitalismoak esaten duen bezain txanpiñoiak, ez gara edozer gauza edozein momentutan geure kabuz egiteko gai. Argi geratu da bestearen laguntza behar dugula, sarea behar dugula”. Enbeitak zalantza dauka administrazioek “bistan geratu den behar horri” erantzungo ote dioten. “Eta zaintza sare publiko zabal bat bermatzeko ahalegina egingo ote duten”. Dena den, nabarmendu du konfinamendu garaian kalea eta elkartzeko espazioak galdu dituztela herritarrek. “Eta sareak zabaldu diren arren, badago sare horietatik kanpo geratu den jendea ere”.

Euskaltzale eta feminista bizkaitarrak aurreratu du gaurko saioa “autokritika egiteko” ere baliatuko duela. “Lehenengo hilabeteetan, shock egoeran geundelako-edo, ez ginen konturatzen osasunaz aparteko beste eremuetan gertatzen ari zenaz. Esate baterako, erdara hutsean jasotzen genuen informazioaren %70 baino gehiago. Urgentziaren urgentziaz, guk geuk ere ez genion eman garrantzi handirik geure hizkuntza eskubideari”. Enbeitak uste du egunerokoan ezinbestekoak diren beste gauza askorekin ahaztu dela jendea osasunaren izenean. “Eta administrazioarentzat oso erraza izan da gure betiko beste borroka horiek bigarren mailan uztea”.

Elkarrekin ikasteko bideak

Bere bizipenetatik abiatuta egingo ditu gogoetak Enbeitak. “Zapalduak garenean jabetzen gara zapalkuntzez”, esan du. Pandemiaren testuinguruan, adibidez, oinarrizko eskubidetzat jo du euskaraz artatua izatea. “Iruditzen zait asmatu behar dugula hizkuntza eskubideen urraketa horiek feminismoak emakumeen zapalkuntza eraman duen parametroetara eramaten, euskara gizarte justiziarako eta demokraziarako auzi bihurtzen”.

Feminismoa eta euskara eskutik helduta ikusten ditu Enbeitak, eta, besteak beste, Lorea Agirrek, Idurre Eskisabelek eta Jule Goikoetxeak egindako gogoetak jarriko ditu mahai gainean gaurko hitzaldian. “Iruran bezala, beste herri askotan argi gelditu da feministek euskalgintzatik jakituria jaso dutela herri ekimena eta komunitatea aktibatzeko”. Bertsolariaren hitzetan, “ezer egon ez denean eta egoera guztiz kontrakoa izan denean, gauzak egiteko gaitasuna” izan du euskararen aldeko mugimenduak. “Sortu ditu ikastolak, gau eskolak, Korrika eta gisa bereko ekinaldi ederrak. Euskaldunak kolektibo baten parte sentiarazi gaituzte”.

Feminismoak eta euskalgintzak bidea elkarrekin egin dezaketela uste du Enbeitak, eta bi borrokak aktibatuta egoteko premiaz hitz egin du: “Zapalkuntzek badute hori, erlaxatzeko aukerarik ez dutela ematen; begira, bestela, nola dagoen eskuin muturra, eta Espainiatik nolako diskurtsoak datozen. Feministok eta euskaltzaleok gauza asko ditugu egiteko, eta ezin dugu lo hartu”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!