Kultur aniztasunaren astea antolatu du Irura Bizik

Jon Miranda Labaien 2021ko mai. 19a, 11:59

Herrian kulturen arteko bizikidetza sustatzeko asmoz, gaur irakurle taldearen saioa, bihar mahai ingurua eta etzi ekitaldia antolatu ditu elkarteak

Aniztasun handia dago Iruran eta hori bistarazi nahi du Irura Bizi elkarteak, ostiralean ospatuko den Kultur Aniztasunaren Mundu Egunaren aitzakian. Etzi egingo dute ekitaldi nagusia San Migel plazan eta aldarrikapena irakurtzearekin batera, Irurako Kultur Aniztasunaren Mapa aurkeztuko dute. Aurretik, irakurle taldearen saioa izango da gaur, eta bihar, mahai ingurua egingo dute kulturunean jatorri ezberdineko herritarren bizipenak ezagutzeko. Hangoak eta hemengoak denok bertakoak leloa eramango dute ekitaldiek.

Urte gutxian asko hazi da Irura. 1996an 718 biztanle izatetik, 2020an 1.852 biztanle izatera pasa dira, eta Irura Bizi elkarteko kideek emandako datuen arabera, %19a da, soilik, bertan jaiotakoa. Beste erkidegoetatik Irurara bizitzera etorritakoak %8 dira eta herriko bizilagunen %12,8ak munduko beste herrialdeetan du jatorria. Leire Usabiaga Oiartzabal elkarteko kidearen esanetan, kultur arteko harremanak sustatu nahi dituzte antolatutako ekitaldien bitartez. «Eskualdean beste jatorrietatik etorritako pertsona kopuru handiena duen herria da gurea. Munduko 33 herrialde ezberdinetatik etorritako 237 pertsona bizi dira hemen, 76 biztanle dira Ameriketatik etorritakoak, 65 Afrikatik eta 12 Asiatik».

Jatorri askotako jendea biltzen da Iruran eta horrek hizkuntza eta kultura aniztasuna dakar ezinbestean. Irura Bizi elkarteko Goizargi Oruesagasti Otañoren hitzetan, «garrantzitsua» da herrian duten kultur ondare aberatsaz kontziente izatea: «Ekosistema aberatsena, ekosistema anitzena dela esaten da. Bada kontzeptua kultura eta hizkuntzetara ekarrita gauza bera gertatzen da. Hizkuntza ez da komunikatzeko tresna hutsa, hizkuntzen bidez kultura eta ohitura batzuk, mundua ikusteko modu bat transmititzen da. Zenbat eta mundu ikuspegi ezberdinagoak eduki herrian, orduan eta herri orekatuagoa eta aberatsagoa izango dugu, eta ondorioz hobeto egin ahal izango diegu aurre dauzkagun erronkei».

BI NORABIDEETAKO ZUBIA

Kultur Aniztasunaren Mundu Egunaren testuinguruan, eta kulturen arteko elkarbizitza sustatzeko asmoz antolatu du egitaraua Irura Bizi elkarteak, Usabiaga eta Oruesagastik aipatu dutenez, ikuspegi «positibo» batetik, eta beti ere, euskara erdigunean jarrita, «hori baita elkartearen balioetako bat».

Elkarbizitza gerta dadin, elkar ezagutza beharrezkoa da ordea, eta Oruesagastiren ustez, horretarako baldintzak sortzea da Irura Biziren asmoa: «Askotan aritzen gara beste jatorrietakoak gerturatu behar zaizkigula esaten, baina gu ere inguratu behar gara haiengana. Bi norabideetako lanketa da egin beharrekoa». Ikusgaitasunaren bidean, elkarteko kideek Aniztasunaren Mapa osatu dute eta bertan adierazi dute zeintzuk diren irurarren jatorrizko herrialdeak. Ikastolan utzi dute mapa eta aste honetan euskarri hori erabilita gaiaren inguruko lanketa egiten ari dira ikasleak. Usabiagak azaldu du: «Aurreko asteburuan giza katea egin zuten irakasle, ikasle eta gurasoek, inklusioaren alde. Mural bat ere egin dute, 12 hizkuntza ezberdin erabilita eta aste honetan egindako lanketa ostiralean erakutsiko dute, plazan egingo dugun ekitaldian». Ludoteka eta gaztelekuan ibiltzen diren gazteek ere aste honetan munduko errezeta ezberdinak landu dituzte.

Etzi, San Migel plazan herrian euskara ikasten ari diren herritarrek irakurriko dute kultur aniztasunaren aldeko mezua eta Aniztasunaren Mapa erakutsi eta ikasleek egin duten lanketa entzun ondoren, munduko jolasen tailerra egingo dute Txatxilipurdi elkarteak dinamizatuta.

Aurretik beste bi ekitaldi izango dira. Gaur, Irurako irakurle taldeak Ibrahima Balde eta Amets Arzallusek idatzitako Miñan liburua aztertuko dute, eta bihar, jatorri ezberdinetako lau irurarrek mahai inguru batean parte hartuko dute. Oruesagastiren esanetan, bizipenak partekatzea eta kultura ezberdinak ezagutzea da saioaren helburua eta behin lekukotzak jasota gerturatutakoen artean solasaldia sortzea espero dute. Bertaratu nahi dutenek aurrez gonbidapena eskatu beharko dute www.irura.eus webgunean.

EGITARAUA

Maiatzak 19, asteazkena

18:30. Liburutegian Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen Miñan liburua landuko dute irakurle taldean.

Maiatzak 20, osteguna

18:30. Kulturunean Kultur aniztasuna Iruran mahai inguru eta tertulia izango dira. Irurako hainbat kulturatako herritarren esperientzia eta bizipenak kontatzen ariko dira jatorri ezberdineko lau herritar. Elebitan egingo dute saioa eta aurrez www.irura.eus helbidean eskatu beharko da gonbidapena.

Maiatzak 21, ostirala

17:00. Kultur aniztasunaren mundu eguna ospatzeko ekitaldia egingo da San Migel plazan. Euskara ikasten aritzen den taldeak irakurriko du aldarrikapena eta Aniztasunaren mapa aurkeztearekin batera, ikastolako umeek gaiaren inguruan egin duten lanketa eramango dute plazara.

Ondoren. Munduko jolasen tailerra egingo dute Txatxilipurdi elkarteak dinamizatuta. Munduko lurralde ezberdinetako istorioak, jolasak eta eskulanak ezagutuko dituzte 6 eta 12 urte arteko irurarrek. Izen emateak www.irura.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!