Malaka errekastoa berreskuratzeko auzolan deialdia

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 18a, 11:58

Errekastora iristeko gurdi bidea auzolanean garbitzeko deia luzatu du Irurako Udalak maiatzaren 22rako eta maiatzaren 29rako. Maiatzaren 18a baino lehen eman beharko da izena.

Tolosako muga-mugan dago Malaka errekastoa. 200 metro eskaseko erreka da, Sorginzulo kobazuloan jaio eta Oria ibaian isurtzen ditu bere urak.

Sorginzulo kobazulotik metro gutxira ur baltsa batean pilatzen dira errekaren urak. Guadalupe paper fabrikaren ur iturria izan zen baltsa hori eta baita, duela urte gutxira arte, irurarren etxeko iturrien sorburua ere. Ur baltsatik 3-5 metroko ur jauzia sortzen da eta handik segidan N-1 errepidearen azpitik pasa ondoren Oria ibaira iristen da Malaka erreka.

Loatzo mendiaren magalean dago kokatuta Malakaren ibilgua eta garai batean inguruan kokatutako Malaka, Exkurranea, Osinalde eta Sebastopol baserrietan jendea bizi zen. Bertan zegoen kokatuta Erremediotako Ama Birjinaren ermita ere, gerora Etxetxuri etxea izango zena.

Irurako Udalak ingurune hau herritarren eskura jarri nahi du eta lehengoratze eta egokitzapen lanak eramango ditu aurrera, beti ere, inguruan ahalik eta inpaktu txikiena sortuz eta bertako fauna eta flora babestuz.

Egoera txarrean dauden egitura arkitektonikoetan oinarrizko konponketak egingo dira, herritarrentzat seguruak izan daitezen, eta horrekin batera, natura ondarea berreskuratzeko Eusko Jaurlaritzak emandako diru laguntza baliatuta, inguruko hondakinak aterako dituzte.

Ezertan hasi baino lehen,eremura heltzeko gurdi bidearen irekitze lanak egin nahi ditu udalak auzolanean. Maiatzaren 22rako eta maiatzaren 29rako egin dituzte herritarrentzat hitzorduak, 09:00etatik 13:00etara. Izen emateko azken eguna, maiatzaren 19a izango da eta 18 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute. Horretarako www.irura.eus webguneko formularioa bete beharko da edo udaletxera hots egin daiteke, 943 69 13 33 telefonora. Bi egunetako zeinetan parte hartu nahi ote duten eta zein lanetan jardun nahi duten adierazi beharko dute herritarrek izena ematerakoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!