Irura Moretuz talde feminista loratu da

Leyre Carrasco 2021ko mai. 2a, 14:13

Dantzaren, musikaren eta antzerkiaren bidez aurkeztu dute gaur, Irura Moretuz talde feminista berria. Ekitaldiaren amaieran berriz, herritarrak topa egin dute Irura feminista bat aldarrikatuz.

Irura Moretuz talde feminista aurkeztu dute gaur, San Migel plazan. Dantza, musika eta antzerkiaz gozatzeko aukera izan dute ekitaldira gerturatu diren herritarrak, eta amaieran, talde berriaren alde topa egin dute elkarrekin. Emakumeen ikusgaitasuna eta ahalduntzea bultzatzeko eta indarkeria matxistaren aurka indarrak batzeko helburuarekin sortu da taldea. Gauzak horrela, hemendik aurrera Iruran gizon eta emakumeen arteko parekidetasunaren alde borrokatzeko tresna izango da taldea.

Ane Artola gitarra jolearen doinuek girotu dute ekitaldia, eta Edurne Ayusok egin ditu aurkezle lanak. Bere esanetan Irurako emakume taldeak aurkitu ditu bai bere "izena", baita bere "jantzia" ere. Hain zuzen, 2019an Irurako lau emakumek herriko talde feminista bat sortzeko gidaritza lana hartu zuten. Talde eragile bat eta komunikazio talde bat sortu zuten, eta hortik etorri zen iazko azaroaren 25eko eta aurtengo martxoaren 8ko ekitaldiak ere. Geroztik, lur azpiko hazia hazten joan dela azaldu du Ayusok, eta azkenean, loratu da: "Loratu da Irura Moretuz taldea. Irura Moretuz talde feminista sortu da, eta sortu dugu, itxaropenaren kolorearekin. Kolore berdearekin lotu izan dugu Irura, baina Irura morea ere bada eta guztion artean moretuko dugu".

Belaunaldi desberdinak biltzen dituen talde "indartsua" sortu dela adierazi du Ayusok. Horren isla izan dira gaur, Intza Artola, Elene Diez, Naroa Goenaga eta June Murua herriko lau gaztetxoek eskaini duten dantza emanaldia, baita Iratxe Ramirezek egindako antzerkia ere. Haizeari eta ekaitzari aurre egiteko prest daudela ere adierazi du teknikariak, "guztion ahotsa entzuten duena, eta guztion nahia eta beharrei erantzuten saiatuko den taldea baita".

Herritarren parte hartzea ere izan da. Izan ere, oihal zuri eta luze baten gainean, Irura Moretuz talde berria irudikatu du bakoitzak esaldi edo hitz batean. Besteak beste, "Iruran ere aske"; "Segurtasuna"; "Ez da ez"; "Sarea"; "Elkarrekin askoz indartsuago gara"; "Askatasuna"; "Ahizpatasuna"; "Txikitasunetik handitasunera libre"; "Indarra"; "Parekotasuna; eta "belaunaldiak" izan dira bertan herritarrek idatzi dituzten mezuetako batzuk. Amaieran berriz, pankartaren inguruan jarri eta "Irura feminista baten alde" aldarrikatuz, elkarrekin egin dute topa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!