Irura Moretuz taldea sortu dute

Jon Miranda Labaien 2021ko api. 28a, 11:59

Igande eguerdian aurkeztuko dute San Migel plazan herriko talde feminista berria; ikusgaitasuna, ahalduntzea eta sentsibilizazioa dituzte helburu gisa

Emakumeen ikusgaitasuna eta ahalduntzea bultzatzeko eta indarkeria matxistaren aurka indarrak batzeko sortu da Irura Moretuz talde feminista. Igandean egingo dute aurkezpen ekitaldia San Migel plazan, 12:00etan, eta hemendik aurrera Iruran gizon eta emakumeen arteko parekidetasunaren alde borrokatzeko tresna izango da taldea. Aurkezpen ekitaldian parte hartzeko, eta segurtasun neurri guztiak bete ahal izateko, aurrez eskatu beharko da gonbidapena www.irura.eus web gunean edota Irura Eskura aplikazioan.

Irura Moretuz taldearen hastapenak 2019ko azaroan kokatzen dira. Indarkeria matxistaren aurkako egunaren bueltan udalak antolatutako mahai inguru batean sortu zitzaien elkarrekin antolatzeko gogoa, Garazi Karrera taldeko kideak azaldu duenez: «Herriko hainbat emakume protagonista izan ziren solasaldi hartan, eta behin saioa amaituta, bertaratu ginen emakumeon artean tertulia moduko bat sortu zen. Ikusi genuen bazegoela zerbait egiteko gogoa eta indarra». Gogo horri tiraka 2020ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren egitaraua antolatzeko hainbat bilera antolatu zituzten. «Oso jendetsuak izan ziren eta ondorioz egitarau mamitsua osatu genuen Martxoaren 8rako», esan du Begoña Vazquez, Irura Moretuzeko kideak.

Handik gutxira, ordea, pandemiaren etorrerak «geldialdian» utzi zituen emakume taldearen asmoak. Dena den, Irurako emakumeek, itxialdian ere, hainbat jarduera egin zituzten, elkarri babesa emateko bideoak grabatuz eta laguntza sarean parte hartuz. Karreraren ustez, etxean geldi eta isolatuta egon beharrak oraindik ere gehiago nabarmendu zuen herriko emakumeek elkartzeko zuten beharra. «Indarra badagoela ikusi genuen baina antolatzea falta zitzaigun», esan du Irura Moretuz taldeko kideak.

Itxialdiaren gogorrenean, elkarren arteko harremana ez galtzeko Whatsapp taldea osatu zuten. Herriko 62 emakumek hartzen dute parte bertan. «Askotariko emakumeak gara, adin eta jatorri ezberdinekoak. Badira, ni bezala, feminismoaren kontu hauetan hasi berriak direnak eta badira esperientzia gehiago dutenak. Elkarrengandik ikasteko gaude hemen eta aukera bat bezala ikusten dut nik. Guztion ahotsa entzungo duen taldea izango da, guztion nahi eta beharrei erantzungo diena».

Hileko azkeneko astean biltzen dira Irurako emakumeak asanbladan eta aurrera begirako ildoak zehazten dituzte. Lau emakumez osatutako talde eragile batek gidatu du jarduna orain arte eta tartean dira Karrera eta Vazquez. Azken honek aipatu duenez, hilabeteotan eta osasun egoerak ahalbidetu duen neurrian, herrian hainbat ekitaldi antolatzen segitu dute: «Iazko Azaroaren 25a eta aurtengo Martxoaren 8a antolatzen jardun dugu eta lan ildo batzuk markatu ditugu. Jabekuntza Eskolaren barruan, autodefentsa tailerra antolatu dugu eta feminismoari buruzko hitzaldiak izan ditugu. Erakusketak eta antzerkiak ere izan dira».

Orain talde feminista bezala eratzeko garaia iritsi zaie. Karrerak azaldu du zein helbururekin antolatuko diren: «Gurea emakume taldea da, feminismoa ardatz duena eta ahalduntzean lanean jarraituko duena. Jatorri guztietako emakumeak bilduko nahi ditugu eta sentsibilizazio eta aldarrikapenak uztartuko ditugu. Feminista den orok izango ditu gure ateak zabalik». Ikusgaitasun eta ahalduntzearekin batera erronka gehiago ere aipatu ditu Vazquezek: «Indarkeri matxistari aurre nola egin pentsatu beharko dugu, adibidez, eta badugu herriko emakumeen historia jasoko duen ibilbide bat sortzeko asmoa».

IGANDEKO FESTA

Irura Moretuzek herriko emakumeentzako espazio segurua izan nahi du, «elkar ezagutu, lagundu eta babesteko gunea». Eta horrela, elkarrekin erabaki dituzte herriko talde feministaren izena eta logoa. «Aukera ezberdinak planteatu genituen eta bakoitzak bere botoa eman ondoren erabaki da gure ikurra». Ainhoa Ugalde herritarrak egindako logoa da aukeratu dutena, nahiz eta gero, taldeko kideek euren ekarpena egin ahal izan duten aukeratutako irudia osatzeko.

Taldearen sorrera elkarrekin ospatuko dute datorren igandean. Karrerak eta Vazquezek ez dute ekitaldiaren inguruko xehetasun handirik eman nahi izan. Aurreratu dutenez, kantuak, dantzak eta antzezlan txiki bat egongo dira. Bukaeran Irura Moretuzen aldeko topa egingo dute.

Ospakizunen ondotik lanean jarraituko dute herriko feministek, Irura Moretuz eragile «egonkortua» izan dadin eta herriko bizitzari ekarpena egin diezaion. Karrerak aipatu duenez, eskualdeko mugimendu feministarekin elkarlanean egingo dute lan hori: «Sareari gure hari mataza gehitzera gatoz eta herrian zegoen hutsunea betetzera».

AURKEZPEN EKITALDIA

Maiatzak 2, igandea

12:00. Irurako San Migel plazan aurkeztuko dute Irura Moretuz taldea. Musika eta dantza saioak izango dira eta elkarrekin talde berriaren alde topa egingo dute.

Ekitaldian parte hartzeko gonbidapena eskatu beharko da www.irura.eus webgunean edo Irura Eskura aplikazioan.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!