Urtebete xare txapelketarik gabe eman ondoren, aste honetan eman diegu hasera I. Irurako Xare Irekiari eta Gipuzkoako Xare Txapelketei, Irurako Ametsa trinketean.
Gaztetxo mailako pilotariak izan ziren Xare Irekiari hasera eman ziotenak, asteazkenean. Maila honetan 4 bikote ariko dira txapelaren bila, eta ligaxkako lehen jardunaldian bi partida jokatu ziren.
Lehen partidan, Murua I - Calonge bikoteak 30 eta 25 irabazi zion Gibelalde - Etxeberria bikoteari. Lau pilotariak haserako urduritasuna alboratuta, oso ondo aritu ziren, eta partida ona eskaini ziguten trinketean bildutakoei.
Bigarren partidan, Murua II.-Arsuaga bikoteak 30 eta 20 irabazi zion Yarza- Melon bikoteari. Oier Yarzak, Oier Garmendiaren ordez jokatu zuen, hau min hartuta dagoelako. Yarza oso gaztea da, eta, gainera, maila honetan jokatzen zuen lehen partida zen. Hala ere, oso maila ona eman zuen, eta galdu arren, etorkizuna badaukala erakutsi zuen. Melon, berriz, ezinean aritu zen partida osoan, Murua II-Arsuaga bikotearen joa nagusi izan zelako.
Ostegunean, Gazte mailako pilotarien txanda izan zen. Maila honetan 3 bikote ariko dira, eta ligaxkako lehen partidan, Galartza II-Aristi bikoteak 35 eta 29 irabazi zion Maiza-Heras bikoteari. Galtzaile izan zen Maiza-Heras bikotea ez zen ondo hasi, eta Galartza II -Aristi bikoteak, partida erdi aldera, abantaila handiak lortu zituen (15-8 eta 20-12). Hemendik aurrera Maiza eta Heras hobeto jokatzen hasi ziren, eta azken txanpan 29-27 hurbildu bazitzaizkien ere, Galartza II- eta Aristi 35-29 nagusitu ziren.
Ostiralean, emakumezkoen txanda izan zen. Maila honetan ere 3 bikote ariko dira, eta lehen partida Galartza I-Isasa eta Mujika-Gorriti bikoteen artekoa izan zen. Naroa Mujikaren kasua ere aipagarria da. Hau ere, Yarza bezala, oso gaztea da, eta maila honetan inoiz jokatu gabe zegoen. Hala ere, Gorritiren sendotasuna baliatuz, 35 eta 24 irabazi zioten Galartza I- Isasa bikoteari.
Astea amaitzeko, larunbatean, 10:00etan, nagusi mailako Gipuzkoako Xare Txapelketako partida jokatu zen. Apeztegia I- Sainz bikoak 40-32 irabazi zion Santano-Apeztegia II bikoari. Partida estua izan zen azken hamarkadara iritsi arte, baina, honetan, Apeztegia I- Sainz bikotea gehiago izan zen eta ligaxkako lehen puntua eskuratu zuen.