Beka, emakumeen ekarpena ikertzeko

Jon Miranda Labaien 2021ko api. 15a, 19:59

Irurako Udalak egin du beka deialdia; ikerketa proiektuak udaletxean aurkeztu ahal izango dira maiatzaren 7ra arte

Irurako Berdintasun sailak ikerketa beka bat deitu du herriko emakumeek historian zehar bete duten paperaz datu berriak argitaratu edota daudenetan sakontzeko. Beka eskatu ahal izateko parte hartzaileek gehienez 15 orriko proiektua aurkeztu beharko dute Irurako udaleko erregistro nagusian, maiatzaren 7a baino lehen. Norbanakoek zein taldeek egin dezakete eskaera eta sei bat hilabeteko epea emango du udalak ikerketa burutzeko. 4.000 euroko diru saria izango du bekak.

Mendeetan, historia ofizialean, emakumeak «baztertuta» egon direla iritzi dio Noelia Lataburu Irurako Berdintasun zinegotziak eta ikerketa bekarekin emakume horiek arlo kultural, sozial, ekonomiko edo politikoan egin duten ekarpena berreskuratu eta ezagutzera eman nahi dute. «Emakumeek egin dituzten ekarpenak, bai eremu publikoan, bai pribatuan, garrantzirik gabekotzat jo, eta beraz, isilarazi egin dira».

Herriko emakumeek egin izan duten lan hori bistarazteko ahaleginean hasiak dira, esate baterako, Irurako Emakume Taldekoak. Udala haiekin elkarlanean ari dela aipatu du Lataburuk eta aurrera begira herriko emakumeen ibilbide bat sortzeko asmoa dutela jakinarazi du. Proiektua gauzatu ahal izateko laguntza bila jo dute Gipuzkoako Foru Aldundira eta erantzunaren zain daude une honetan. Abiatutako bide hori «indartzera» dator ikerketa beka, Berdintasun zinegotziaren esanetan.

Lehenengo aldia da Irurako Udalak gisa honetako deialdia egiten duela eta horregatik ez dute ikerketa gaia gehiegi mugatu nahi izan. Aintzane Agirre udal teknikariak azaldu duenez, udalerriaren errealitateari egindako ekarpena erakutsi behar du ikerketak eta arlo askotatik abiatu daiteke. «Diziplina ugari bateratu ditzake: ikuspegi historikotik landu daiteke, baina baita ekonomikotik, antropologikotik edo hezkuntza arlokotik ere». Aldi berean nabarmendu du, emakume bakar batek edo emakume talde batek egindako ekarpena ere jaso dezakeela ikerlanak.

BIDE BATEN HASIERA

Irurako Udaleko Berdintasun sailaren kanpo aholkulariak, saileko arduradun teknikoak eta arduradun politikoak osatuko dute beka esleitzeko epaimahaia. «Aurkeztuko den memoriaren interesa, bideragarritasuna, gaiaren ezagutza, ikerketaren helburua eta metodologia azaltzerakoan erabiltzen duen argitasuna hartuko ditugu kontuan», esan du Lataburuk. Aldi berean, hautagaiaren curriculuma eta genero arloan duen prestakuntza nahiz esperientzia profesionalari begiratuko zaio erabakia hartzerakoan.

Maiatzaren 7ra arte Irurako udaleko erregistro nagusian aurkeztu beharko dira ikerketa proiektuak horretarako lanaren izenburua, aukeratutako gaiaren justifikazioa, helburuak, metodologia, informazioa eskuratzeko iturriak, aurreikusitako emaitzak eta curriculuma adierazita. Euskaraz aurkeztu beharko da gehienez 15 orriko proiektua. Ikerketa proiektuaren izen bera daraman gutun-azal itxi bat ere utzi beharko da erregistroan eta proiektua aurkeztu duenaren datuak agertu beharko dira bertan: izen abizenak, helbidea eta telefono zenbakia. Ikerketa bekaren oinarriak www.irura.eus webgunean irakur daitezke.

Aukeratutako ikertzaileak 6 hilabeteko epea izango du lana egiteko eta behin betiko dokumentua abenduaren 15ean aurkeztu beharko du udalean. Ikerketa burutzeko 4.000 euro jasoko ditu irabazleak eta kopuruaren erdia proiektua aurkezterakoan jasoko du, eta beste erdia berriz, ikerketa lana entregatzerakoan.

«Ez dakigu zein proposamen jasoko ditugun, baina egingo den ikerketa motaren arabera, gero publikatu edo zabaltzeko aukera ere ez dugu baztertzen», esan du Berdintasun zinegotziak. Hori bai, Lataburu eta Agirrek nabarmendu dute ez dela bakarrik Irurako herritarrentzat bideratutako beka izango, interesa duen orok izango du hautagaitza aurkezteko aukera.

Bekaren lehen edizioa izango da aurtengoa eta gehiago etorriko ote diren galdetuta, zinegotziak aipatu du aurtengoaren arrakastaren arabera izango litzatekeela hori: «Nahiago genuke proiektu asko aurkeztuko balira eta pixkana hurrengo urteetan ere ikerketa gehiago lagundu ahal izango bagenitu Irurako udaletik. Guri iruditzen zaiguna da, herriko emakumeek egindako lana orain arte itzalean geratu dela eta nahikoa lan badagoela ekarpen hori berreskuratzen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!