Abiadura neurtzeko gailua jarri dute Iruran

Ataria 2021eko apirilaren 14a

Irurako erdigunea zeharkatzen duen errepidetik zenbat ibilgailu pasatzen diren eta ibilgailu horiek daramaten abiadura neurtzeko gailua jarri dute Kale Nagusian.

Aspaldiko kezka dute Iruran trafiko dentsitatearekin eta iaz egindako neurketa baten arabera egunero 6.000 autok zeharkatzen dute errepidea, askok behar baino abiadura handiagoan. Gaur egun 40 kilometroko orduko abiadura da muga errepide horretan, baina aurki legedia aldatuko da eta 30 kilometro orduko abiadura hartu ahal izango da gehienez errepide horretan.

Hori dela eta lanketa abiatu zuen aurreko urtean Irurako Udalak. Enpresa batek trafikoaren inguruko neurketa egin zuen eta ateratako ondorioak osatzeko, orain, herritarrekin parte hartze saioak egin asmo dituzte. Galdetegiak banatu ditu udalak herriko hainbat eragileren artean.

Behin diagnostikoa txosten batean jaso ondoren, Irura alderik alde zeharkatzen duen errepidearentzako irtenbide posibleak aztertuko ditu udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!