Irurako haur eskolan izen emateetan aldaketak

Irurako haur eskolako hezitzaile taldea 2021ko mar. 26a, 10:58

Orain dela urte bete inork gutxi espero genuen gertakizun bat bizi izan genuen. Momentu zailak izan ziren, haur eskola itxi behar izan genuen, baina haurrenganako dugun konpromisoa presente izanda, etxetik jardun genuen gogor, familiekin harremanak zainduz, haur eskolako nortasunaren inguruan hausnartuz, dokumentazio desberdina sortuz...

Itxialdi hura atzean utzi eta 2020-2021 ikasturtea ilusioz hasi genuen nahiz eta aitortu behar dugun gogorra izaten ari dela zentzu askotan. COVID-aren ondorioz, haur eskoletako matrikulazioa jaitsi egin zen hasieran, beldurrak, langabezia eta beste hainbat baldintzen eraginez. Hezitzaile finkoak lekuz mugituak izan ziren, ordezkapen ezberdinak egin zituztelarik eta ordezkoen zerrenda geldirik egon zen, ziurgabetasun eta zalantza nagusitu zen, haur eskoletan eragina izan zuelarik.

Nahiz eta egoera hau bizi izan, Irurako haur eskolatik argi genuen haurren ongizatearen alde jarraituko genuela. Esan dezakegu, haur eskoletako egunerokotasunean hartu diren neurriekin familiei eta lan taldeari hezitzaileon elkarlanari esker eguneroko martxa ongi bideratua izan dela.

Hau horrela izanda ere, esan behar dugu benetan kezkatuta gaudela Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritza batzordea izaten ari den jarreraz, mahai negoziatzailerako deialdirik ez baitu egin oraindik, eta ez baitu prestutasunik azaltzen hainbat gaiez hitz egiteko, hala nola, Hezkuntzan integrazioa, haur eskolen doakotasunaren aldeko pausuak ematea, COVID-ak kaltetutako familiei hobariak gauzatzea, lan hitzarmena negoziatzea, akordioak bete eta langileen egonkortasunaren aldeko aurrerapausoak ematea.

Hau gutxi balitz, matrikulaziorako epean kaltegarriak izango diren erabakiak hartu dituzte beste behin ere alde bakarrez eta honek eragin zuzena izango du gurean.

Orain arte, maiatzean irekitzen zen izen-emate epea apirilera aurreratu da, horrek azkar pentsatzera eta erreakzionatzera eraman gaitu dena prest eduki ahal izateko. Araudi berriaren arabera, irailean, urrian edo azaroan hasi nahi duten familiek apirilaren 12tik 21era eman beharko dute izena. Hori dela eta, gonbita luzatzen dizuegu edozein argibide edo zalantza izanez gero gurekin harremanetan jartzeko.

Honetaz gain, kezkatuta gaude epez kanpo galdetzera etorri daitezkeen familien inguruan hartutako erabakiarekin, orain artean ez bezala benetako zailtasunak izango baitituzte haur eskolan epe azkar batean hasteko, hilabete hasierako hamar egunetan eman beharko baitute izena datorren hilean hasteko. Are zailtasun gehiago izango dituzte lehenengo hamar egunetik kanpo etortzen direnek, hurrengo hilabetera itxaron beharko baitute izena emateko. Guztiz ulergaitza egiten zaigu hartu duten neurri hau. Hori dela eta, idatzi hau aprobetxatu nahi dugu neurri hau bertan behera gera dadin eskatzeko, gaur egun bizi dugun osasun egoerak sortutako ezegonkortasunak erantzun azkarrak eta eraginkorrak eskatzen baititu, eta erabaki honek guztiz kontrakoa ekarriko du.

Gure kezka adieraztea eta gertatzen ari dena ezagutaraztea da gure helburua, baina esan nahi dugu, zailtasunen aurrean borrokatzen jarraituko dugula haurrek merezi duten arreta eta zaintza izan dezaten, hezkuntzarako eskubidea haur guztietara iritsi dadin eta kontziliatzeko aukerak berdintasunean eman daitezen.

Bitartean, 0-2 adin tarteko haurrak dituzuen familiak, ez egin zalantzarik eta jarri gurekin harremanetan zuen zalantzak argituko ditugu Irurako haur eskolako San Migel 6 eraikinean, 943693311 telefonoan edo irura.irura@haurreskolak.eus emailera idatzita.

 

Irurako haur eskolako hezitzaile taldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!