Irurako Udalak, ACV Multimedia enpresaren laguntzaz, mugikorretarako aplikazio bat sortu du. Dagoeneko eskuragai dago Android eta IOS sistema duten gailuentzat eta doan deskargatu daiteke. Gorka Murua alkateak nabarmendu duenez parte hartze arloan, komunikazio atala indartzeko sortu dute aplikazioa, «orain arte martxan dauden gainerako kanalen osagarri».
Muruaren esanetan, gaur egun informazio jasotzeko gailu nagusienetakoa bihurtu da mugikorra eta herritarren eta udalaren arteko komunikazio «azkarra eta zuzena» ahalbidetzeko sortu dute aplikazioa. «Bi norabideetakoa izatea nahi dugu, udalak bere ekimenen berri emango die herritarrei, eta lehenaz gain, herritarrek udalarekin harremanetan jartzeko duten aukera handitu eta erraztu egingo dugu». Udalarentzat «garrantzitsua» da herritarrekin hartu-emana edukitzea eta aplikazioa sortzea norabide horretan ematen den aurrera urrats bat da alkatearen hitzetan.
Aplikazioa deskargatzen dutenek, sartu eta berehala, hizkuntza aukeraketa egin beharko dute, euskara edo gaztelania. Besteak beste, albisteak, agenda, farmaziak, garraioak eta multimedia atalak izango dituzte eskura. Olaia Nieto Gizarte zerbitzuak, Gazteria eta Parte hartze arloko zinegotziak azaldu duenez aplikazioan Idatzi udalari atala izango dute herritarrek: «Herrian kaleko altzarietan kalteren bat ikusten badute edo jakinarazpenak egin nahi badituzte horretarako aukera izango dute atal honetan, eta bide batez, eskaera edo proposamen zehatzak ere egin ahal izango dituzte».
Irurako eragileek ere izango dute bere txokoa udalak sortu duen aplikazioan. «Beren jarduerak modu ikusgarri batean erakutsi ahal izango dituzte bertan», esan du Nietok. Udala eta herritarren arteko komunikazio hori ahalbidetzeko, Tramiteak izeneko atal bat ere zabalduko dela aurreratu du Josune Artola Gazteria eta Parte hartze teknikariak: «Udalarekin online egin daitezkeen tramiteak modu erosoan egin ahal izango dira mugikor bitartez». Parte hartzeari buruzko estekan berriz, herriko hainbat gairen inguruko iritzia galdetuko zaie irurarrei. «Hartu behar diren hainbat erabakitan zilegitasun handiagoa izango du udalak herritarren iritzia kontuan hartuta».
Irura eskura aplikazioan
ACV Multimedia enpresak garatu du aplikazioa Irurako Udalarentzat eta bertako arduradun Joxean Telleriak azaldu duenez, herritar guztiengan pentsatuta sortu dute tresna berria. «Udaletako webguneetan ez dira herritar guztiak sartzen, adin tarte jakin batekoek ez dute horretarako ohiturarik izaten». Aplikazioan jaso dute, beraz, udaleko webgunean topatu daitekeen informazio guztia, «modu erraz eta irisgarrian».
Beste herrietan ere garatu ditu enpresak gisa bereko aplikazioak eta Telleriak aipatu duenez, Idatzi udalari atala izaten da arrakasta handiena izaten duena: «Jendeak ohitura hartzen du aplikazio bidez bere beharrak adierazteko eta kexak jartzeko, eta horrek udalarekiko konfiantza sortzen du». Aplikazioaren bitartez jakinarazpenak ere aktibatu ahal izango dira eta udalak abisuren bat eman behar badu bide hori erabiliko du norberaren mugikorrera mezua bidaltzeko. «Produktu bat da herrietan funtzionatzen duena eta espero dugu Iruran ere horrela izatea», nabarmendu du ACV Multimedia enpresako arduradunak.
Udaletik herritarrak animatu nahi dituzte aplikazioa deskargatzera eta norbaitek zalantzaren bat badu kultura bulegoan argibideak emango dituztela jakinarazi dute udal ordezkariek. Astelehen, asteazken eta ostegun goizetan laguntza emateko prest egongo dira teknikariak. Bide batez, aplikazioaren berri emanez sortu dituzten panelak ikusgai izango dira egunotan Trinketean, kulturunean, udaletxean eta farmazian. Kanpaina honetan parte hartuz laguntza eman duten herritarrei eskerrak eman dizkie alkateak.