GUTUNA

Harro nago nire lanbideaz

Erabiltzailearen aurpegia Bakarne Reguillaga Arriaran, Irurako haur eskolako hezitzailea 2021ko ots. 16a, 18:57

Haur eskoletako hezitzailea naiz, eta oso harro nago nire lanbideaz. 2007an hasi nintzen eta asko aldatu naiz ordutik, bai arlo pertsonalean bai arlo profesionalean ere. Aldaketaren arrazoiak ugariak dira. Urteak pasa ahala, bizi esperientzietatik ikasten da eta nire lanbidearekin hartutako konpromisoak eta haurrari zor diodan errespetuak etengabeko hausnarketetara eramaten naute.

Haurra eta nire arteko harremana eraikitzen eta sendotzen den heinean, konfiantza, segurtasuna eta ekiteko gogoak nabarmentzen joaten dira. Mugimenduetan, posturetan eta desplazamenduetan trebatuz, mundua esploratu eta norberaren konfiantza eta segurtasuna gailentzen doa. Objektu eta elementu desberdinak arakatzeko grina pizten zaio. Espazio desberdinak ezagutzeko gogoz betetzen da. Sortutako lotura sendoa eta benetakoak zoriontsu egiten gaitu, bien arteko errespetuzko harremana da. Haurra da bere garapenaren prozesuaren eragile.

Eta aipatu dudan guztiak bere arlo akademikoa du, txikitatik hainbat ezagutza eta kontzeptu barneratzen joaten baita, hain garrantzizkoak ikusten direnak eta etorkizun baterako baliozkoak izango dituenak; tarima txiki batetik jaisterakoan bere eskutxoarekin distantzia kalkulatuko du; gorputz osoa mugimenduan trebatzen doan heinean koordinazioa eta segurtasuna lantzen ditu, egur zatiak bata bestearen ondoan jartzerakoan segidak egiten dabilenean edo ontzi bat beste batean sartu eta atera dabilenean bolumen kontzeptua azaltzen du, galtzak janzteko hanka altxatzen duenean gorputz eskemaren ikerketan murgiltzen da...

Norberaren ezagutza, erronkak gainditzea, kontzeptu matematikoak (sailkapena, asoziazioa, kausa-ondorio erlazioak...), memoria, atentzioa, hizkuntzaren garapena, bestearen aurkikuntza, gizarteratzeak dakarren ohitura, arau eta mugen ezagutza eta barneratzea..., presente dauden alderdiak dira guztiak. Hezkuntza oinarrizko eskubide bat den heinean haurraren lehen urteetan ere, garapen integrala ahalbidetzen duen gune bezala ikusten dut nire gela. Hain aberatsa da haur txikien mundua eta hain kontziente naiz horretaz, apustu egiten jarraituko dudala horrelako bizipenak izan ditzaten.

Bakarne Reguillaga Arriaran, Irurako haur eskolako hezitzailea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!