Iruran 3,4 milioi euroko aurrekontua onartu dute

Jon Miranda Labaien 2021ko ots. 9a, 07:59
Gaur egun skate parkea dagoen tokian eraikiko dute kirol anitzeko pista

Udaletxea berritzea izango da 2021eko inbertsio nagusia; 1.270.000 euro bideratuko dituzte horretara eta udalak mailegua eskatuko du

Abenduan egindako osoko bilkuran, Irurako Udalak hasierako onarpena eman zion 2021eko aurrekontuari. EH Bilduko udal gobernuko kideen aldeko eta EAJko zinegotzien kontrako botoekin, 3.485.000 euroko aurrekontua onartu dute, iazkoa baina nabarmen kopuru altuagoa. Arrazoia udaletxea berritzeko lanetan dagoela adierazi du Gorka Murua alkateak. 1.270.000 euro gastatuko dituzte eraikina berritzen eta udazkenean abiatuko dituzte lanak.

Udaletxeak berritzeko «premia handia» duela nabarmendu du Muruak, oinarrizko irisgarritasun baldintzak ez dituelako betetzen eta energia instalakuntzak ere zaharkituta dauzkalako. Eraikina berritzea «lehentasunezko» proiektua da udal gobernuarentzat, baina baita herritarrentzat ere, iaz egin zen parte hartze prozesuan udaletxea berritu beharra zegoela erabaki zutelako eta beste bi udal erakini zein erabilera eman adostu zutelako, Zaharretxe ostatuari eta haur eskola gaineko espazioari, hain zuzen.

2023rako eduki nahi dituzte prest herriko hiru guneak eta udaletxea berritzetik hasiko dira. Obrak irauten duen bitartean udal zerbitzuak non kokatu aztertzen ari dira orain, eta lehiaketara atera ondoren, urria edo azaroa inguruan hasi nahi dituzte lanak. Alkateak azaldu duenez, diru laguntzak espero dituzten arren, mailegua eskatuko du udalak inbertsioari aurre egin ahal izateko: «Nahiz eta pandemiak bere arrastoa utzi duen, aurretik osasuntsua zen udalaren egoera ekonomikoa eta horrek ahalbidetzen du horrelako inbertsio bat egin ahal izatea. Banketxeekin mailegua negoziatuko dugu orain eta gure aurreikuspena da zorra hurrengo 12 urteetan kitatu ahal izatea».

GIZARTE ZERBITZUAK INDARTUZ

Pandemia abiatu zenetik Iruran behar berezi batzuk sortu dira baina Muruaren esanetan, ez aurreikusten zuten tamainan: «Herriko familiek nahikoa ondo eutsi diote egoerari, baina luze doanez, behar berriak azaleratu daitezkeela uste dugu. Iruditzen zaigu gertuko instituzioa garen aldetik egoera horiei erantzun bat eman behar diegula. Guretzat lehentasun erabatekoa dute gizarte zerbitzuek, beste edozein proiektu utziko dugu bertan behera, premia berriren bat sortzen bada arlo honetan».

Iaz berdintasun eta ingurumen sailak indartzea erabaki zuen udalak, eta Muruaren esanetan, teknikari baten aholkularitza jasotzeak, «hainbat proiektu eta diagnostiko egitea ahalbidetu die». Parekidetasunaren gaiak duen zeharkakotasuna azpimarratu du alkateak eta sail honetan bi proiektu iragarri ditu: «Alde batetik emakumeen ahalduntzea bultzatuko duen jabetze eskola bat jarriko dugu martxan; eta bestetik Iruran emakumeek historian zehar izan duten papera aztertzeko ikerketa beka bat aterako dugu».

Ingurumenaren alorrarekin lotuta, 2021ean, udal eraikinen azterketa energetikoa egingo du udalak eta argiteria aldaketarekin jarraituko du. «Orain arte auzoetan egin ditugu egokitzapenak eta industriagunean jarraituko dugu orain, gutxiago gastatu eta dirua aurreztu ahal izateko. Aurretik trinketean egin bezala, frontoian ere aldatuko dugu argiteria».

Arduratuta hitz egin du alkateak Iruran duten hondakin bilketa tasarekin. Azken urteetan 12 puntutan behera egin du eta irtenbidea eman nahi diote egoerari. Kontzientziazio kanpainak martxan jarri eta bilketa sisteman neurri zuzentzaileak aplikatuko dituzte. «Gaur egun inoiz baino ageriago dago daukagun lurra bat eta bakarra dela eta zaindu egin behar dugula. Gure eguneroko ohiturekin horretan eragiteko aukera dugula iruditzen zaigu. Gainera, egoera honek zama ekonomiko handia eragiten dio udalari. Defizita, gure kasuan, 120.000 eurokoa da. Diru hori, horretara bideratzen den bitartean, ez doa beste inbertsio eta zerbitzuetara. Norberak beretik jartzen badu pixka bat, emaitzak hobetu daitezkeela uste dugu».

Amaitzeko iaztik zintzilik geratu den inbertsio bat egin asmo dutela iragarri du Muruak: kirol anitzeko pista. Ikastolaren eta frontoiaren aldamenean eraikiko dute, gaur egun skate parkea dagoen tokian. Skate parkea, Loatzo plazara lekualdatuko dute. Lanak epe laburrean hasiko dituztela aipatu du alkateak, uda baino lehen obra amaituta egon dadin.

GAKOAK

Udaletxea. Eraikina berrituko dute. Solairu bat gehiago eman eta atzealdetik zabalduko dute. Irisgarritasuna hobetu eta energetikoki efizientea izango da eraikina. 1.270.000 euroko inbertsioa egingo du udalak.

Kirol anitzeko pista. Pandemiagatik beste beharretara bideratu zuten iaz pista egiteko aurreikusitako kopurua. Gaur egungo skate parkean egingo dute eta ekainerako amaituta egotea espero dute. 160.000 euro.

Energia azterketa. Udal eraikinen energia kontsumoa aztertuko du udalak eta argiteria aldatuko du. Herriko beste guneetan egin bezala, aurten industriagunean lanpara berriak jarriko dituzte eta argiteria aldatuko dute herriko frontoian. 10.000 euro.

Hondakinen bilketa. Bilketa tasaren datuak ikusita egoerari buelta emateko kontzientziazio kanpainak eta neurri zuzentzaileak adostuko ditu udal gobernuak oposizioarekin. 20.000 euro inguru bideratuko da horretara.

Zenbakitan

Sarrerak

Zuzeneko zergak 625.000

Zeharkako zergak 30.000

Tasa eta bestelako zergak 270.557

Transferentzia arruntak 1.296.843

Ondarezko sarrerak 5.000

Kapital transferentziak 57.000

Aktibo finantzarioak 950

Pasibo finantzarioak 1.200.500


Sarreren zenbatekoa: 3.485.850

Gastuak

Pertsonal gastuak 892.500

Ondasun arrunta eta zerbitzuak 595.750

Finantza gastuak 16.000

Transferentzia arruntak 428.100

Inbertsio errealak 1.493.000

Kapital transferentziak 55.000

Finantza aktiboak 500

Finantza pasiboak 5.000

Gastuen zenbatekoa: 3.485.850

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!