'Hugo eta harri esferikoa' liburua aurkeztu dute Iruran

Jon Miranda Labaien 2021ko urt. 15a, 14:59

Xibarit argitaletxeak kaleratu du liburua. Karlos Linazasorok osatu du testua eta Elena Arresek egin ditu marrazkiak. Iruran kokatuta dago istorioa.

Jendaurrean aurkeztu du Xibarit argitaletxeak Hugo eta harri esferikoa. Iaz kaleratutako Hugoren gaua liburuaren ondoren, Karlos Linazarosok eta Elena Arresek lankidetzan kaleratzen duten bigarrena da. Dagoeneko eskuratu daiteke Tolosako Babel liburu dendan, Anoetako Kuku-Loren eta Donostiako Hontzan eta baita argitaletxearen webgunean, www.xibarit.com helbidean.

"Hugo mutiko bizkor bat da. Asko gustatzen zaio musika, baina aurreztuta daukan diruarekin ezin du instrumenturik erosi. Arazo hori konpontzeko Hugok plan bihurri xamar bat prestatzen du. Ongi irtengo al dira mutikoaren asmoak ala porrot egingo dute?". Hori dio liburuaren sinopsiak eta Linazasororen esanetan nahikoa da laburpen hori, irakurleari liburua irakurtzeko gogoa pizteko: "Bihurri xamarra da Hugo. Bere etxean dagoen atakaren gaineko harri esferiko horietako bat jardinera erortzen denean abiatzen da istorioa. Aitak harri esferikoa garajean sartzen duenean hasten da jolasa".

Linazasorok umiltasunez esan du testua dela lan honetan gauzarik "xumeena", balio handiagoa dutela Arresek egin dituen irudiak. "Lana osatua ikusten duzu, zure ipuin txiki hori zertan bilakatu den eta zein liburu eder atera den ikusten duzu eta txundituta geratzen zara. Oso pozik nago elkarrekin gauza ederra egin dugulako".

Idazle tolosarrak ipuina idatzi eta Arresek askatasun osoa izan du marrazkiak egiteko. Hugoren gaua liburuan pertsonaia Tolosan kokatu zuen eta Hugo eta harri esferikoa honetan Irura izan da aukeratutako agertokia. Ilustratzaileak azaldu du zergatia: "Nire aita Iruran jaio zen eta aitaren aldetiko famili osoa bertakoa da; Gainera, Laskibar auzoan egiten dut lan eta nahikoa ondo ezagutzen dut parajea". Ipuineko pasarteak gertatzen direneko txokoak bilatzeko landa lana "eroso" egin duela aipatu du Arresek. "Asko gozatu dut eta aurkikuntza batzuk ere egin ditut. Errespetua eta miresmena eragiten dizkit Irurak. Herri txikia da N1-ren oinean kokatuta, oso urte gutxitan industrial bilakatu da eta Anoeta albo alboan du. Gainera, bi herri handiren artean dago, Tolosa eta Villabona artean. Gezurra dirudi bere nortasun nola mantentzen duen. Ziurrenik, Irura bertako biztanleak dira herriko BPG".

Gorka Murua Irurako alkateak eskerrak eman dizkie Xibarit argitaletxeko arduradunei eta liburuaren egileei. Argitalpena Irurarentzat "opari eder" bat izan dela nabarmendu du alkateak eta nabari dela bertako irudiak "mimoz" egin dituela Arresek. "Guretzat pozgarria izan da eta espero dugu herritar guztiengana zabaltzea liburua, herriko istorio hau ezagutu dezaten eta ezagunak ditugun txokoak bertan ikus ditzaten", esan du Muruak. 

Liburu honetan euskaldunekin, "edo euskaldunekin ere", zerikusia duten balore batzuk azaltzen direla aipatu du alkateak. "Lana, esfortzuaren esanahia goraipatzea, edo genero ikuspegitik pertsonaien rol banaketa egokia ikusten dugu, garai hauetara egokitutako liburua da", aipatu du Muruak. Bere aldetik, Arresek azpimarratu du Iruran euskararekin, genero ikuspegiarekin, kirolarekin edo musikarekin "ahalegin handia" egiten duen herria topatu duela liburuaren harira. "Liburuan bikain ikusten dira balio horiek".

8-10 urte inguruko gaztetxoengandik hasi eta 90 urte bitartekoentzat liburu aproposa izan daitekeela aipatu dute liburuaren egileek. "Edozeinentzat da aproposa, erraz irakurtzen da", esan du Linazasorok. "Hugori ilustrazioetan ez zaio aurpegirik ikusten, beraz edonork irudikatu dezake bere burua protagonista bezala. Musikaz maitemindutako mutiko bat da, tematia, borrokalaria, ausarta. Zaldun bakartia. Bere ametsak lortzeak ematen dio motibazioa", gaineratu du Arresek.

Irura bertako herritarrentzat eta gainerako guztientzat interesgarri delakoan, Hugo eta harri esferikoa irakurtzeko gonbita luzatu dute argitaletxeko arduradunek. Muruak eskerrak eman dizkie aurkezpen ekitaldian, "fokua gertuko gauzetan jartzeagatik, gauza txikietan, baina aldi berean, garrantzia handia dutenetan". Eta "paper zale" bezala  esker hitzak luzatu dizkie alkateak argitaletxekoei, "argitalpen bikaina da, ukitzeak berak sentsazio ederra eragiten du".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!