Irurarrek udal eraikinekin zer egin erabaki dute

Jon Miranda Labaien 2020ko abe. 2a, 09:22

Udaletxea berritu eta Zaharretxea zegoen lokalean ostatu bat jartzea adostu dute asteotan prozesuan parte hartu duten herritarrek

Udalaren jabetzakoak diren hiru eraikinen erabilera eta egokitzapena aztertzen jardun dute irurarrek irailetik hona. Beste hainbat okasiotan Irurako Udalak herritarren parte hartzea sustatu duen arren, gai honetan «estrategikotzat» jo du Gorka Murua alkateak herritarren parte hartzea, «hiru eraikinetan egingo diren lanek elkar baldintzatzen dutelako eta datozen 10 edo 12 urteetarako udalaren inbertsioak baldintzatuko dituztelako». Elhuyar fundazioak gidatu du prozesua eta «oso pozik» daude udal ordezkariak herritarren erantzuna ikusita.

Bi herritarrez eta udaleko bi ordezkariz osatutako batzorde batek egin du prozesuaren jarraipena eta batzorde horrek irailean finkatu zituen prozesuaren oinarriak eta jarraitu beharreko ibilbide orria. Ondoren etorri zen informazio fasea: hiru eraikinetara bisita gidatuak egin ziren udaletxera, Zaharretxera eta haur eskolaren gainerako solairura eta galdetegi bat zabaldu zen herritarren artean. «Aurreko legealdian udaletxea berritzeko proiektu bat jarri zen mahai gainean inolako eztabaidarik gabe. Guk fokua zabaldu nahi izan dugu. Udaletxea berritzea lehentasunezko kontua dela onartu arren, herrian zein beste behar dauden detektatu nahi genuen», esan du Muruak.

Horrela ekin zioten gogoeta faseari. Azaroaren 2an beharrak partekatzeko bilera egin zuten eta azaroaren 16an erabilera eta egokitzapen proposamenak landu eta lehenetsi zituzten. Saioetan 20 lagunek baino gehiagok parte hartu dute, presentzialki eta baita telematikoki ere, eta taldeka egin dute lanketa. Taldeak osatzerako garaian aniztasun irizpideak kontuan hartu dituztela aipatu du Muruak: «Lanketa egiterakoan saiatu gara espazioaren inguruko behar horiek adinka aztertzen, norberaren behar horietatik abiatu gabe, ariketak lagundu digu gaia besteen begietatik ikusten».

Lehen gogoeta saioan azaldutako behar guztiak aztertu zituzten jarraipen batzordean eta 19 aukeratu zituen bigarren saioan lantzeko. Aldi berean, udalak, hiru eraikinen egokitzapenerako 1.200.000 euroko aurrekontua gordeko zuela jakinarazi eta planteatzen ziren hainbat lanen gastu estimazioa ere jarri zuen mahai gainean.

UDALETXEA BERRITZE PREMIAN.

Gogoeta saioan parte hartu duten herritarrek argi adierazi dituzte lehentasunak: Zaharretxea zegoen lokalean ostatu bat sortu, kultur ekitaldiak egiteko areto batekin; eta udaletxea berritu nahi dute. Haur eskolaren gainean dagoen solairua herriko eragileentzako espazio zabal bat bezala irudikatu dute herritarrek, «zatitu eta espazio txikiagoetan antola litekeena».

Prozesuaren oinarriak finkatzerakoan jarraipen batzordeak adostua zuen udaletxea berritzeko lanak «lehentasunezkoak» zirela. «Irisgarritasun baldintzak ez ditu betetzen, igogailurik ez du, ate eta korridoreak estuak dira, inguratze termikoa falta zaio, teilatua berritu beharra dago itoginak daudelako, beheko solairuko lurra pipiak janda dago, argiteriako hainbat instalazio elektriko kanpora atera behar dira... Udalak herritarrei edozein obra egiteko eskatzen dizkion irizpideak, udalak berak ez ditu bere etxean betetzen», esan du alkateak.

Herritarrek lehentasunezkoa jo dute plazan dagoen Zaharretxea zeneko eraikinean ostatu bat zabaltzea eta bertan egin beharreko gastuaren arabera, udaletxeko obra doitzea proposatu dute. Udaletxea berritzeko proposatutako lau aukeren artean herritarrek nahiago dute udaletxea atzealdetik zabaldu eta eraikinari hirugarren solairu bat eransten dion proiektua, baina nabarmendu dute lan horiek ezin dutela Zaharretxeko lokalean eraiki nahi den ostatua baldintzatu. Denerako dirurik ez badago, udaletxeko hirugarren solairua eraikitzeko asmoa bertan behera uztea proposatu dute.

«Iruditzen zaigu herritarrek egindako aukera horri eutsi diezaiokegula», esan du Muruak. «Azaroko azken bi asteak gaia sakon aztertzeko erabili ditugu eta uste dugu udaletxean hirugarren solairu bat egiteak, diru laguntzak eskuratzeko aukera gehiago zabalduko dizkigula, horrelako deialdietan gehiago baloratzen delako zerbitzu berriak eskaintzeko espazio berriak sortzea. Gainera, herritarrek lehenesten duten proiektua dagoeneko idatzita dago aurreko legealditik, eta moldaketa txiki bat baino ez zaio egin behar, honenbestez, proiektu berri bat erredaktatzeak dakarren gastua aurreztuko genuke. Beti da arriskutsua diru laguntzen menpe egotea, baina gure aurreikuspena baikorra da, eta kasurik okerrenean jarrita, laguntza emango ez baligukete, pentsatzen dugu udalak baduela nahikoa ahalmen lanak finantzatzeko. Arrisku kontrolatua da».

Aurreko astelehenean egin zuten itzulera saioan prozesuaren emaitzen berri eman zuten eta erabakiarekin aurrera egitea adostu zuten parte hartzaileek. Muruak azaldu duenez, gauzak ondo bidean, 2021eko udazkenean hasi nahi lituzkete lanak. «Orain udal ordezkarioi dagokigu obrak egin ahal izateko finantziazio bila jardutea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!