Zerumuga zabaltzeko testuak

Jon Miranda Labaien 2020ko aza. 11a, 14:59

Irakurketa taldea martxan jartzeko hitzordua egin dute gaur, Irurako liburutegian, 18:30ean; ikuspegi kritikotik, maitasunaz hausnartzeko baliatuko dituzte irakurketak

Bost liburu irakurtzea eta horien inguruan gogoeta egitea proposatu nahi die irurarrei Itsaslore Yartzak (Gallarta, 1982). Liburutegian gaur egingo duten aurkezpenaren ondoren, hilero bilduko dira animatzen diren herritarrak. Yarzak azpimarratu duenez ikuspegi kritikoa lantzen duten liburuak irakurriko dituzte, «ez dute, bere horretan, maitasuna bizitzeko era kritikatzen, irakurlea gogoeta egitera bultzatzen dute».

Duela bi urte Bilboko Louise Michel liburu dendan martxan jarritako esperientzia Irurara ekarri nahi izan du Yarzak, bertan bizi baita gaur egun. Orduko hartan esperientzia pertsonaletik abiatu eta inguruko zenbait jenderekin kezkak partekatu ondoren sortu zuten taldea: «Bizipenak intelektualizatzeko joera daukat, gertatzen zaidana ulertzeko azalpenen beharra sentitzen dut. Iparrorratz horren bila jo izan dut, oro har, filosofia liburuetara, eta maitasunaren kasuan, berdina gertatu zait. Esperientzia mingarri batetik, maite min batetik, azalpenen bila jo eta liburu hauekin egin nuen topo. Irakurketek asko lagundu ninduten».

MAITASUNAZ GOGOETA

Jakin-min horretatik abiatuta eta liburu bakoitzaren haritik tiraka beste hainbat testu deskubritu ditu Yarzak ibilbide honetan. Fisolofia ikasketak egin zituen eta gaur egun irakaslea eta Agora filosofia elkarteko kidea da. «Gure garaian, unibertsitatean, inork ez zigun azaldu maitasunaz hausnartu zitekeenik. Badirudi maitasunaz ezin dela pentsatu, sentitzen den zerbait dela eta senezkoa dugula, bat batean ateratzen zaigula, ez dagoela gure borondatearen menpe, zerbait magikoa dela...».

Badaude liburuak, ordea, maitasuna gogoetagai hartzen dutenak. Antropologikoki maitasunak gizakion bizitzan jokatzen duen papera aztergai izatearekin batera, maitasuna eraikuntza sozial gisa ulertzen duten liburuak irakurriko dituzte taldean. Yarzaren ustez proposatuko diren liburuek ez dute ikuspegi «apurtzailea», ez dute maitasunarekin amaitu nahi, baina aldi berean gaiari «ikuspegi erradikal» batetik heltzen diote, «sustraietatik».

Horregatik uste du irakasleak askatzailea ere izan daitekeela irakurle taldean parte hartzea: «Bilboko esperientzian, behintzat, elkarri lagundu genion eta gure barruak azaleratu genituen. Gainera normalizatuta daukazun hori zalantzan jartzea beti da askatzailea. Senezkotzat dugun hori auzitan jartzeak zabaltzen digu maitasuna bizitzeko zerumuga. Zentzu horretan esango nuke baietz, esperientzia aberasgarria dela».

Ikusteko dago zenbat lagunek hartuko duten parte Irurako taldean, baina Bilboko esperientziari begiratuta Yarzak aitortu du gehienbat emakumeak direla horrelako ekimenetan parte hartzeko pausua ematen dutenak. «Maitasunaz irakurtzea bada aitzakia genero rolez eta estereotipoez hitz egiteko. Tranpa bat izan da maiz maitasuna, emakumeak sumisioan mantentzeko eta zaintza lanak gugan zentralizatzeko. Badirudi gizonezkoentzat zilegi dela erdigunean, maitasuna beharrean, bizitza profesionala edo zaletasuna jartzea. Emakumeoi ez zaigu horretarako bidea ematen». Arrazoi horiek egon daitezke, Yarzaren ustetan, irakurle taldeetara gizonezko baino emakume gehiago gerturatzeko.

16 urtetik gorako irurarrentzat zabalik dago ekimena eta dinamizatzaile izango denak interesgarritzat jo du taldea adin tarte horretako jendearentzat zabaltzea: «Nire ikasleak ditut buruan, nerabezaroaren maitasunaren kontua oso presente edukitzen dute eta krisitik krisira dabiltza. Haientzako ere lagungarri izan daitekeela pentsatzen dut».

ABENDUAREN 9AN, LEHENA

Gaur 18:30ean Irurako liburutegian egingo dute aurkezpen ekitaldia, baina aurrerantzean taldean parte hartu nahi dutenek informazioa izango dute irakurletaldeairura@gmail.com helbidean. Aurkezpenaren ostean, lehenengo solasaldirako data, printzipioz, abenduaren 9rako finkatu dute. Laura Latorreren Polifonia amorosa liburuko zenbait pasarte aztertuko dituzte.

«Latorre madrildarra da, gizarte hezitzailea eta adimen emozionalean aditua. Maitasunaren inguruko tailer eta ikastaroak antolatzen ditu ikuspegi feministatik. Liburu honetan maitasunaren bizipen erreal ezberdinak azaltzen zaizkigu kontakizun, gutun edota bakarrizketen bitartez. Espainia, Kolonbia, Mexiko, Guatemala eta beste hainbat tokitako pertsonei egindako elkarrizketetatik abiatzen da autorea. Desirak, minak, erlazioak, zaintza lanak ulertzeko askotariko moduak daudela azaltzen digu. Badaude bikote eredu normatiboak, bikote izan eta lagunekin bizi diren pertsonak, edo bikote izan eta hirugarren batekin maitemindu ondoren hirukotea osatu dutenak, poligamiak, polimaitasuna... Maitasunaz dugun ikuspegia zabaltzeko liburu interesgarria da», esan du Yarzak.

Liburu gehienak gaztelaniaz daudela aipatu du dinamizatzaileak, baina aukera ikusten badute gaiaren inguruan euskaraz argitara emandakoren bat ere aztertzen saiatuko direla esan du. «Nik proposatu eta guztion artean adostuko ditugu hurrengo irakurketak», nabarmendu du Yarzak. «Ez da talde literario bat izango bere horretan, hausnarketa talde bat baizik, esperientziak konpartitzeko, zalantzak elkarbanatzeko eta bururatu zaizkigun ideiak eta iritziak botatzeko gune bat».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!