Adinekoen etxebizitzetan suteak ekiditeko ke detektagailuak jarri dituzte

Jon Miranda Labaien 2020ko aza. 4a, 14:58

Irurako 47 etxebizitzetan jarri dituzte gailuak eta horrekin batera 75 urtetik gorako herritarren premiak aztertu dituzte.

Adineko pertsonen kolektiboan arreta jarri nahi du Irurako Udalak. Atiempo enpresaren laguntzarekin 75 urtetik gorako herritarren beharrizanak aztertu dituzte eta pertsona horiek bizi diren etxebizitzetan egon daitezkeen arriskuen inguruko prebentzio lan bat egin dute. Honenbestez, suteak ekiditeko, ke detektagailuak jarri dira Irurako 47 etxebizitzetan –71 adineko lagun bizi dira etxe horietan–. Identifikatu diren bizikidetza unitateetatik %80ak hartu du parte programan eta Gorka Murua alkatea gustura agertu da, "oso harrera ona" eduki duelako ekimenak.

Adineko pertsonak dira etxebizitza barruan istripu bat izateko arrisku gehien dutenak. Jon Ensunza Atiempo enpresako arduradunak, SOS Deiak-ek emandako datuak aintzat hartuz, esan du etxean gertatzen diren istripuetatik 8 suteak izaten direla: "Gainera, sute bat pairatzeko arriskua hiru bider handiagoa da 75 urtetik gorakoen artean eta lau bider handiagoa 85 urtetik gorakoen artean". Europako beste hainbat herrialdetan etxean ke detektagailu bat jartzea nahitaezkoa bada ere, hemen ez dago araututa, eta horregatik, pertsona zaurgarrienak babesteko asmoz jartzen dira adinekoen etxeetan.

Irurako Udalak 75 urtetik gorako herritarrei gutun bat bidali zien irailean, programaren berri eman eta parte hartzera gonbidatuz. Baiezkoa eman duten adineko pertsonei udalak dohain jarri die ke detektagailua eta urtero egin beharreko mantenuaren ardura ere bere gain hartu du. "Parte hartu duten adinekoei gida bat banatu zaie istripu bat gertatuko balitz zein pauso jarraitu beharko lituzketen adierazteko", esan du Muruak. Gailuaren helburua pertsona nagusiak babestea da eta kea detektatzen duen aldiro zarata handia egiten du. Ensunzak adierazi duenez, "sukaldean deskuiduren bat, edo gauean kortozirkuituren bat gertatzen bada, zarata entzun eta etxetik irteteko edo bizilagunak ohartarazteko balio du".

Gisa honetako istripuei erantzuteko giza faktoreek duten garrantzia azpimarratzeaz gain, alkateak etxebizitzen egoeran ere jarri du arreta: "Atiempo enpresak ikuskaritza edo ebaluazio tekniko bat  egin du etxebizitza horietan, zein egoeretan dauden eta arriskuak non dauden aztertzeko. Etxebizitza bakoitzaren krokis bat prestatu da eta istripuren bat balego, gizarte zerbitzuetako buruak suhiltzaileekin partekatu ahal izango du informazio hori, erantzuna bizkorragoa eta egokiagoa izan dadin". Muruaren esanetan, Irurako Udalak politika sozialei "garrantzia handia" ematen die, baina ekimen honek gizarte zerbitzuen arloa gainditu egiten du: "Informazio mardula eskuratu dugu, eta adibidez, hirigintza batzorderako ere baliagarria diren datuak eskuratu ditugu, hala nola, zein irisgarritasun oztopo dauden etxebizitzetan edota igogailua ote duten edo ez".

Adinekoen premiak aztergai

Atiempo enpresa arduratu da ke detektagailuak etxebizitzetan instalatzeaz, baina horrekin batera haietan bizi diren adinekoen pertsonen beharrizanak jaso ditu txosten batean. Miren Genua Irurako gizarte laguntzaileak nabarmendu duenez, orain arte gizarte zerbitzuen erabiltzaile ziren herritarren kasuak ezagunak zituzten, baina azterketa honek argazki "zabalago" bat egiteko balioko die. "Itxialdian telefonoz banan-banan hots egin zitzaien adineko pertsonei eta lehen harreman bat egin genuen haiekin. Orain datu hauek kontuan hartuta eta lan ildoak zehaztuta, herriko eragileekin batera bestelako neurriak adostu ditzakegu" .

Olaia Nieto gizarte zerbitzuetako batzorde buruak nabarmendu du aztertutako parametro ia guztietan elkarrizketatuen egoera "ona" dela. "Hala eta guztiz ere, neurri prebentiboak hartzea gomendatzen duten datu batzuk antzeman dira eta horiek lanean hasteko asmoa dugu". Behaketaren ezaugarri nagusiak eman ditu ezagutzera zinegotziak: "Adinekoei galdetu zaie, alde batetik, zein gizarte harreman dituzten seme-alaba, senide eta lagunekin; Bestalde eguneroko bizitzako jardueren gainean aritu dira haiekin, janari prestaketaz, erosketez, medikura egiten diren bisitez edota botiken antolaketaz; Aipatu dituzte, baita ere, zein oztopo arkitektoniko dituzten; Eta amaitzeko, euren osasun egoeraz aritu dira, mugikortasunaz, ahalmen kognitiboaz, zentzumenaz eta ahalmen emozionalaz". Datu hauetan arreta jartzearen garrantziaz ohartarazi du Nietok, "ekintza motaren bat behar duten egoerak identifikatu eta horietan indar guztiak jartzeko asmoa dugu Irurako Udalean".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!