Udal eraikinen erabileraz gogoeta egiteko saioa azaroaren 2an

Ataria 2020ko urriaren 26a

Prozesuaren oinarriak adostu eta hiru udal eraikinetara (haurtzaindegiaren gaineko solairua, zaharretxea eta udaletxea) bisita gidatuak egin ostean, gogoeta saioa azaroaren 2an izango da 17:00etatik 19:00etara. Urriaren 30era arte eman daiteke izena.

Irurako herritarren espazio beharrak ezagutu eta hiru udal eraikinen erabilera posibleak identifikatu, adostu eta lehenestea dira helburuak parte hartze prozesu honetan. Prozesua berme guztiekin egiten ari denaren jarraipena egiteko funtzioa du udaleko bi ordezkarik eta bi herritarrek osatu duten batzordeak.

Prozesuaren oinarriak jarri ondoren, informazio faseari eman zioten bidea. Aipatutako hiru eraikinetara bisita gidatuak egin zituzten 10 laguneko txandetan eta herritarren artean galdetegia banatu zuten. Honako galderak luzatzen ziren bertan: "Herrian, sumatzen al duzu zerbitzuren bat faltan? Zein ezaugarri bete beharko lituzke zerbitzu hori emateko eraikin edo espazioak?". Urriaren 16an amaitu zen galdetegia entregatzeko epea.

Orain, hirugarren fasean, gogoeta fasean murgildu dira Iruran. Bi saio aurreikusi dituzte eta lehenengoa azaroaren 2an egingo dute 17:00etatik 19:00etara. Aurrez izena eman behar da, ordea, eta horretarako udaleko webgunean dagoen fitxa bete beharko da. Urriaren 30a da izen emateko azken eguna. Hurrengo gogoeta saioa, azaroaren 16an izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!