Lopetegi, herriko lehen txapelaren bila

Imanol Garcia Landa 2020ko urr. 1a, 11:58
Finalistak: Karrikaburu eta Lopetegi, eta Etxeberri eta Funosas.

Joxi Lopetegi irurarrak Karrikabururekin batera jokatuko du II. San Migel Xare Irekiaren finala larunbat honetan, Etxeberri-Funosas bikoaren aurka. Txapela janzteko faboritorik ez dagoela dio.

Lopetegi-Karrikaburu eta Etxeberri-Funosas bikoek jokatuko dute larunbatean, 17:00etan hasiko den jaialdian, Irurako Udala Sari Nagusia den II. San Migel Xare Irekiaren finala. Irurako Ametsa trinketean zuzenean ikusteko zeuden 50 sarrerak agortuta daude, eta Internetez jarraitu ahalko da finala.

Joxi Lopetegi irurarra lehenengo aldiz jokatzen ari da txapelketa, aurreko urtean lesionatuta baitzegoen. Karrikabururekin txapelketa sendo bat eginez iritsi da finalera. «Iaz tendinitis bat nuen ukondoan, eta aurten momentuz behintzat konpondu didate, eta gustura», azaldu du Lopetegik. Partida guztiak irabazita iritsi dira finalera, baina ligaxkako multzoa ikusi zuenean bere kezkak zituela adierazi du irurarrak: «Multzo gogorra ikusten genuen, baina egia esan nahiko ondo moldatu gara eta partidak nahiko erraz irabazi ditugu».

Bigarren aldiz ari da Karrikabururekin bikote moduan lehiatzen. Aurrekoa lehengo urtean izan zen, Hazparneko Mastersean. Partida batean min hartu arren, aurrera egin zuten eta finalera iritsi ziren, gero galdu egin bazuten ere. «Ondo moldatu ginen», esan du Lopetegi. Larunbatean aurkari izango duten bikotearen atzelaria, Funosas, «ondo baino hobeto» ezagutzen du irurarrak, elkarrekin 25 urtez jokatu baitute. «Elkarren aurka jokatzea egokitu zaigu eta ikusi egin beharko da nola ateratzen den». Frantziako Txapelketa jokatu berri dute elkarrekin eta irabazi egin zuten.

Lopetegik ez du uste faborito direnik finalerako. «Ez dugu beraien aurka jokatu. Multzoko partida bat galdu zuten eta orduan izan zituzten aurkarien aurka erraz irabazi genuen, baina egun guztiak ezberdinak dira». Finalaren egunean bakoitza nola dagoen esanguratsua izaten dela dio irurarrak. Jokoaren aldetik, bikoteek antzekoa egiten dutela esan du: «Atzelaria betetzen saiatzen gara, gero aurrelariak tantoa egiteko aukera izateko».

Herriko trinketean jokatzeak presio handiagoa suposatzen dio Lopetegiri: «Ez da inork presioa egiten didala, baina herrikoen aurrean ondo geratu nahi horregatik gehiegi presionatzen dut nire burua». Bestalde, oso ondo iruditzen zaio herrian berriro ere txapelketa antolatu izana. «Maila handiko jokoa ikusten da herrian, eta bertan ikusi ahal da zer-nolako maila hartu daitekeen pixka bat ibiliz gero. Partida hauetan ikusten den abiadura kosta egiten da hemen beste txapelketa batean ikustea. Niretzako ikusteko oso modalitate polita da».

AMETSAKO NESKEN PARTIDAK

Larunbateko jaialdia Ametsa Pilota Elkarteko nesken xare erakustaldiarekin hasiko da. Naroa Goenaga, Irati Fernandez, Nora Galartza, Maider Isasa eta Nahia Gorriti ariko dira. «Lan bikaina egiten ari dira, emakumeek ere xarean joka dezaketela erakusteko ahalegin handia eginez», esan dute Ametsa elkartetik. «Beraiek dira gaur egun xarean jokatzen duten emakume bakarrak munduan. Hori dela eta, merezitako omenalditxoa egingo diegu, eta munduko xare jokalari onenen aurretik jokatzeko aukera izango dute larunbatean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!