Hiru udal eraikinekin zer egin zehazteko parte hartze prozesua abiatu dute

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 30a, 07:58

Irurako udaletxean, zahar etxean eta haur eskolan dituzten hiru espaziorekin zer egin erabaki beharko dute herritarrek, guztiek batera; ostiralean, bisita gidatuak egingo dituzte.

Irurako Udalak herriko udaletxearen, zahar etxeko beheko solairuaren eta haur eskolako lehen solairuaren erabileraren eta egokitzapenaren inguruko partaidetza prozesua abian jarri du. Prozesu horren baitan, udazkenean, herritarrekin batera hiru eraikin horien erabilera posibleak aztertu, adostu eta beharrezko egokitzapenak landuko dira "herriak duen espazio beharretatik abiatuta".

Hori aurrera eramateko jarraipen batzorde bat eratu dute: udaleko bi ordezkarik eta bi herritarrek osatzen dute eta beraien egitekoa partaidetza prozesua berme guztiekin egiten ari denaren jarraipena egitea izango da.

Abian da partaidetza prozesuaren lehenengo fasea, informazio fasea. Lau panel jarriko dituzte herrian zehar prozesuaren azalpenak eta udal eraikin horien zehaztasunak jasoko dituena, eta xehetasun guztien berri bertan txertatuko da. 

Era berean, datozen egunetan diptiko bat banatuko dute etxez etxe prozesuaren berri emateko, eta horrez gain, Irurak dituen espazioen beharrez galdetuko dute. Jarraipen batzordetik herritar guztiak animatu nahi dituzte ekarpena egin eta parte hartzera. Ekarpen horiek kulturgunean edota trinketean egongo diren postontzietan botatzeko aukera egongo da, eta bestela, udalaren webgunean ere Internet bidez erantzuteko aukera jarriko dute. 

Bisita gidatuak, etzi

Urriaren 2an, ostiralean, 17:00etatik 19:00etara bitartean hiru udal eraikinak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da, udal arkitekto teknikoaren azalpenez lagunduta. Ordu erdiko lau txandatan banatuko dira taldeak eta 10 laguneko bisitak izango dira. Parte hartzeko, aldez aurretik izena ematea beharrezkoa izango da. 

Behin informazio fasea amaituta, gogoeta faseari ekingo zaio. 16 urtetik gorako herritar oro gonbidatu dute azaroaren 2an eta 16an, 17:00etatik 19:00etara egingo diren gogoeta saioetan parte hartzeko. Kasu honetan ere, aldez aurretik izena eman beharko da eta parte hartzaile kopuruaren arabera erabakiko da saioak non egin. Itzulera saioa, berriz, azaroaren 30ean egingo da. Bai gogoeta eta baita itzulera saioan ere zaintza zerbitzua egongo dela esan dute. 

Bisita gidatuetan eta gogoeta saioetan izena eman nahi duenak 943 69 26 74 telefonora deitu dezake edo bestela Irurako Udalaren webgunetik ere egin ahal izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!