Kirol eta kultur eskaintza zabala prest dute Iruran

Tolosaldeko Ataria 2020ko abu. 22a, 19:59

Irurako Udalak haur, nerabe eta helduentzat prestatu du dagoeneko ikasturte berrirako eskaintza. Izen ematea online egin beharko da irailean, eta COVID-19ak eraginda ikastaroak hasi baino lehen jakinaraziko du protokoloa; osasun neurriek bertan behera uztea ere ekar dezakete.

Irurako Udalak eskaintza zabala prestatu du herritarren eskura jartzeko. Haur, nerabe eta helduentzako eskaintza da. Batez ere kirola egitera bultzatu nahi dituzte herritarrak, baina kultur eskaintza ere bada aukeran.

Izen emateak irailaren 7tik 18ra bete beharko dira online www.irura.eus webgunean. Eskaerak lekuak baino gehiago direnean interesatuen zerrendak osatuko dira, eta matrikula eskubidea zozketa bidez erabakiko da. Aldiz, plaza librerik balego bakarrik onartuko dituzte epez kanpoko izen emateak.

Guzti hau, COVID-19a kontuan hartuta egin beharko da, eta dagoeneko adierazi dute ikastaroen azkeneko bost minutuak materialen desinfekziorako erabiliko direla. Eta Irurako Udalak ikastaroak hasi baino lehen zehaztuko du COVID 19-aren aurrean aplikatu beharreko protokoloa. Horrez gain, COVID 19-aren ondorioz hartu beharreko osasun neurriek ikastaroa egokitzea edo bertan behera uztea ekarri dezaketela ere aurreratu dute udaletik.

Helduei begirakoak

Yogaren kasuan 15 plaza izango dira. Saioak ostiraletan egingo dituzte 09:30etik 11:00etara, musika eskolan, eta sei hilekoa 105 euro ordaindu beharko da. Hipopresiboak asteartean eskainiko da, eta hamar pertsonentzako tokia izango da. Astearteetan, 18:30etik 19:30era izango da, eta 100 euroko kostua izango du.

Trinketean areto bizikleta egiteko aukera ere eskaintzen da, eta bederatzi pertsonako taldeentzat bi ordutegi daude aukeran. Alde batetik, 19:00etatik 20:00etara, eta bestea, 20:00etatik 21:00etara. Sei hilabetea 180 euro ordaindu beharko da.

Gorputzari arindu bat emanez luzaketak egin nahi dituenak pilates egiteko aukera izango du. Bost txanda eskaintzen ditu udalak, hamar pertsonako taldeentzat, eta 100 euro ordaindu beharko da sei hilekoa. Astelehenetan 20:15etik 21:15era; astearteetan 09:15etik 10:15era edo 20:15etik 21:15era; eta asteazkenetan, 09:15etik 10:15era edota 20:15etik 21:15era izango dira saioak.

Forman jarri zaitez saioetara ere animatu nahi dituzte herritarrak. Bi ordutegi daude aukeran, astearteetan eta ostegunetan, 15:00etatik 16:00etara edo 17:30etik 18:30era. Trinketean izango dira, eta sei hilabeteak 144 euro ordaindu beharko dira. Talde bakoitza gehienez ere 10 pertsonakoa izango da.

Musikaren erritmora aritzeko zumba izango da aukeran. Kasu honetan ere hamar pertsonako taldea izango da, eta astelehen eta asteazkenetan elkartuko dira Trinketean, 19:00etatik 20:00etara. Sei hilabeteko saioen kostua, 144 eurokoa izango da.

Cross Training (hastapena) egiteko aukera izango dute irurarrek herrian bertan. 15 pertsonako taldeak izango dira gehienez ere, eta hiru ordutegi jarri dituzten aukera. Astelehenetan eta ostiraletan 15:30etik 16:30era; astelehenetan 19:00etatik 20:00etara eta ostiraletan 18:30etik 20:00etara; eta astelehenetan 20:00etatik 21:00etara eta ostiraletan 19:30etik 21:00etara. Frontoian egingo da, eta 144 euro ordaindu beharko da.

Dena ez da kirola, eta egur taila eta makramea egiteko aukera ere izango da Iruran. Egur tailan bost pertsonentzako tokia izango da, eta asteazkenetan 18:00etatik 20:00etara izango dira saioak. Ikasturte osoa 125 euro ordaindu beharko da. Makramean, aldiz, zortzi pertsonako taldea osatuko dute gehienez ere, eta asteartetan elkartuko dira 15:30etatik 17:00etara. Hiru hilekoa 60 euro ordaindu beharko da. Herri eskolan izango dira bi saio hauek.

Haurren eta nerabeen eskaintza

Umeen ikastaroetan sei urtetik gorakoen eman ahalko dute izena, eta dagokion adin tartean eman beharko dutela izena argitu dute udaletik. Ikasturte osoa 60 euro ordaindu beharko dute izena ematen dutenek, eta hori bai, eskulanen kasuan materiala aparte ordaindu beharko da.

Mahai jokoetan 10 pertsonentzat izango da tokia. 2008tik 2013 bitartean jaioak beharko dute izan, eta astelehenetan 17:00etatik 18:00etara ariko dira.

Irristaketa hastapenean 15 lagunentzat izango da, eta 2011tik 2013 bitartean jaioak eman dezakete izena. Asteazkenetan, 16:45etik 17:30era izango da. Aldiz, irristaketa aurreratuan,  2008tik 2010 bitartean jaioei zuzendua izango da, eta egun berean, 17:30etik 18:15era ariko dira, frontoian.

Dantza eskainiko da, eta diziplina anitzeko dantzaren hastapenetan edo maila aurreratuan apuntatzeko aukera izango dute. Hamar pertsonentzako tokia izango da. Hastapenekoek, 2011tik 2013ra bitartean jaioak beharko dute izan, eta astelehenetan izango lukete saioa 17:00etatik 18:00etara. Aldiz, aurreratua, 2008tik 2010era bitartean jaiotakoentzat izango da. Astelehenetan 18:00etatik 19:00etara.

Eskalada praktikatu nahi dutenentzat ere bi talde banatu dituzte: hastapenekoak eta aurreratuak. Seina plaza izango dira. Hastapenekoak asteazkenetan 18:30etik 19:15era ariko dira, eta aurreratukoak, egun berean, 19:15etik 20:00etara. Hastapenekoak 2011tik 2013ra jaioak beharko dute izan, eta aurreratukoak, 2008tik 2010era jaioak.

Antzerkirako zaletasuna dutenek ere beraien ordubetea izango dute ostegunetan, 17:30etik 18:30era. Hamar pertsonek eman ahalko dute izena gehienez, eta 2008tik 2012ra bitartean jaiotakoei zuzenduta dago.

Bukatzeko, eskuekin trebezia dutenek edota trebatu nahi dutenek eskulanetan dute aukera. Zortzina plazako hiru txanda banatu dituzte. Ostegunetan izango dira saioak. 2014 eta 2015 urteetan jaiotakoek 16:45etik 17:45era izango dute ikastaroa; 2011tik 2013ra bitartean jaiotakoek 17:45etik 18:45era. Eta 2010etik aurrera jaiotakoentzat jarri duten ordua 18:45etik 19:45erakoa da.

Herritarren esku dago orain izena ematea, baina udaletik garbi utzi dute sei izen-emate baino gutxiagoko taldeak bertan behera geldituko direla. Salbuespenen bat izango da: bosteko taldea onartuko da, baldin eta ikastaro horretako talde guztien bataz bestekoa bostekoa baldin bada.

Laguntza ere izango dira irurarrentzat, eta noski, hobaria, Iruran erroldatutakoei bakarrik aplikatuko zaie. Horrez gain, familia ugariei, gazte txartela dutenei, langabetuei, erretiratuei %20ko deskontua aplikatuko zaie, baina agiria aurkeztea beharrezkoa izango da. Ezintasuna dutenen kasuan, %33 - %64 tarteko ezintasuna dutenek %20eko hobaria izango dute, eta %65 baino gehiagoko ezintasuna dutenei %50eko hobaria aplikatuko die. Hauek ere, agiria aurkeztea beharrekoa izango dute. Bestalde, Trinketeko bazkideek kirol ikastaroetan %10eko deskontua izango dute (bazkidetza hobaria helduen kirol jardueratan bakarrik izango da).

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!