Egoera ekonomiko larrian daudenentzako diru laguntzak jarri dituzte

Ataria 2020ko abu. 12a, 08:36

Irurako Udalak ura, hondakinak, saneamendua eta Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren ordainketei aurre egiteko herritarrei zuzendutako diru laguntza deialdia atera du.

Herritarren arteko desberdintasun ekonomikoaren ondorioak arintzea du helburu Irurako Udalak atera duen diru laguntzak. Hori dela eta, udalak zaurgarritasun ekonomiko egoeran dauden Irurako herritarrei ura, hondakinak, saneamendua eta Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren gastuak ordaintzeko diru laguntza emango die.

Eskaerak irailaren 1etik 30era egin beharko dira Irurako udaletxeko harrera bulegoan edota elektronikoki www.irura.eus webgunean.

Diru laguntza jasotzeko eskubidea dutela uste duten familiek udaletxean eskaera orria aurkeztu beharko dute, ondorengo agiri horiekin batera:

  • Eskatzailearen NAN, AIZ edota indarrean dagoen nortasun agiria.
  • Aurreko urteko ura, hondakin, saneamendua eta Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren ordainketa agiriak.
  • Familia unitatearen diru-sarrera guztiak zuritu beharko dira: nomina, agiri, ebazpen… eta zinpeko aitorpena eta langabezian daudenen Lanbideko jarraipen orria.
  • Ogasuneko aurreko urteko informazio fiskala, 25 urtetik gorako kide guztiena.
  • Ogasuneko zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatuko duen agiria (eskarigilea eta bikotearena, baldin badu).
  • Eskatzailearen kontu korrontea eta titulartasuna adierazten duen bankuko agiria.

"Eskatzaileak aurkeztutako agiriak osagabeak edo oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen ez dituztela egiaztatzen denean, interesatuari dei egingo zaio hamar lan eguneko epean akatsak zuzen ditzan edo beharrezko agiriak aurkeztu ditzan", argitu dute udaletik. Horrela egin ezean, "eskaria baliogabetua geratuko dela ohartaraziko zaio". Hau da, artxibatu egingo dela, indarrean dagoen araudiari jarraiki.

Udalbatzak onartutako diru laguntzak dira, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako udal ordenantzaren arabera emango dira. Eskaera onartu ondoren, udalak beharrezkoak dituen agiri edo argibide guztiak eskatu ahal izango ditu. 

Era berean, jarduera baterako diru laguntza eskaera aurkezte hutsak diru laguntza arautzen duten oinarrien edukia ezagutzea eta onartzea dakarrela gogorarazi dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!